
Lehendakaria: “Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza etorkizuneko giltza dira eta gure xedea da Euskadi “berrikuntzarako leku erakargarria” izatea”
- Berrikuntzaren hitzordu nagusiak hainbat ekitaldi bildu ditu: Innobasqueren 2020ko Berrikuntza Txostenaren aurkezpena, eztabaidak, hitzaldiak eta euskal enpresen eta erakundeen bost kasu praktikoren aurkezpena
Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratu du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XX. Astea, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatutako Global Innovation Day ekimenaren aurtengo edizioaren baitan. Berrikuntzaren ekitaldi honetan, Lehendakariak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak I+Gko gastua Europako batez bestekoaren gainetik jartzeko eta Euskadi Europako berrikuntza-gune izan dadin lortzeko duen konpromisoa. “Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza etorkizuneko giltza dira eta gure xedea da Euskadi “berrikuntzarako leku erakargarria” izatea”, esan du.
Ildo horretan, I+Gak aurrekontu publikoan urtean batez beste % 6eko igoera izango duela eta ikerketarako eta garapenerako 120 proiektu estrategiko bultzatuko direla aipatu du; eta, gainera, "Basque Cibersecurity Centre" ren jarduera sustatuko dela eta Euskadin zibersegurtasun industrialeko lerroa garatuko dela adierazi du. Horrez gain, enpresa-berrikuntzari babesteko programak indartzeko konpromisoa hartu du, bereziki enpresa txiki eta ertainen artean berrikuntza kultura sustatzeko. Halaber, Lehendakariak jakitera eman du "Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plan Estrategiko berria" onartuko dela.
Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak telebista-formatu berritzaile baten aldeko apustua egin du Global Innovation Day jardunaldiaren bederatzigarren ediziorako. Aurrera egiteko berrikuntzak duen garrantzia nabarmendu du aurtengo topaketaren goiburuak. Ekitaldia aretoan bertan publikorik gabe egin da, indarrean diren osasun neurriengatik, eta egitarau zabala izan da: zuzeneko musika, eztabaidak, topaketak, hitzaldiak eta krisi-egoerei berrikuntzaren bidez aurre egiten jakin duten euskal enpresa eta erakundeen esperientzia berritzaileen aurkezpenak, besteak beste.
Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian izan den hitzordu handi hontan berrikuntza krisiari aurre egiteko eta egoera horietatik indarberrituta ateratzeko gakoa dela erakutsi da. Bertan, Lehendakariak indarrak batzeko beharra azaldu du, aurre egin behar diegun trantsizio teknologiko eta digital, ekologiko eta energetiko, sanitario eta demografikoaren ondoriozko erronkei aurre egiteko; "bereziki berrikuntza ahalik eta gehien aplikatzeko eskatzen duen garai honetan".
Ekitaldian Arantxa Tapia, Pedro Azpiazu eta Jokin Bildarratz sailburuak eta Cristina Uriarte Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisarioa izan dira.
2020ko Euskadiko Berrikuntza Txostenaren aurrerapena
Euskadi Europako herrialde berritzaileen parean berriro kokatzea eta aurreko krisi ekonomikoan galdutako posizioak berreskuratzea. Hori da euskal erakundeek, enpresek eta zientzia eta berrikuntzaren euskal sare osoak aurrean duten erronka eta helburua, Innobasqueren 2020ko Berrikuntza Txostenaren arabera. Gaur eman da ezagutzera txosten horren aurrerapena Global Innovation Day jardunaldian.
Euskadin, I+G arloaren gaur egungo eta etorkizuneko egoerari buruzko solasaldi bat egin da, “Berritu aurrera egiteko” goiburuarekin, eta solasaldi horretan eman dira jakitera txostenaren jakingarri nagusiak. Hauek izan dira partaide solasaldian: Cristina Uriarte (Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako ordezkaria), Aitor Alapont (P4Q enpresako zuzendari nagusia), Nerea Aranguren (Ideko Teknologia Zentroko zuzendari gerentea eta DanobatGroup-eko Berrikuntzako zuzendaria), Javier Ormazabal (Velatia konpainiako presidentea), eta Leire Bilbao (Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia).
Innobasqueren 2020ko Berrikuntza Txostena oinarritzat hartuta egin da eztabaida, besteak beste, honako hauek helburutzat harturik: pandemiaren aurretik Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren abiapuntua zein den aztertzea eta aurreko krisiak utzitako ikasgaiak identifikatzea, COVID-19ak eragindakoari aurre egiteko. Azkenik, Euskadiko berrikuntzako eta I+Gko adituek berrikuntzaren epe labur eta ertaineko etorkizuna nola hautematen duten zehazten saiatu gara.
Innobasqueren Berrikuntza Txostena bi urtean behin egiten da Euskadin berrikuntzaren egoera zein den ebaluatzeko, Europako eta nazioarteko errealitatearekin analisi konparatibo bat eginez, eta Euskadiko berrikuntzaren erreferentziazko azterlana bihurtu da.
Krisiaren aurkako jardun berritzaileak
Global Innovation Day 2020 topaketan berrikuntzako bost kasu praktiko ere aurkeztu dira. Innobasqueren deialdian jasotako ehun bat lanen artean hautatuak izan dira ekimen horiek. Azken bost urteetan gauzatu dira bostak, eta aldaketarako eta eraldaketarako gaitasunaren adibide dira.