Hurtado sailburua: “Euskadi Bonodenda kanpainak ia 3.000 merkataritza-establezimenduren atxikipena jaso du".

2020.eko urriak 30

Euskadiko ia 3.000 saltoki atxiki zaizkio merkataritzaren sektoreari laguntzeko helburua duen “Euskadi Bono Denda” kanpainari. Kanpaina horrek, gaur hasi eta urtearen amaierara bitarte, 15 milioi eurotik gorako zenbatekoa izango duten salmentak mobilizatuko ditu, gutxienez 30 euroko erosketetan 10 euroko deskontua izango duten 500.000 bonu jaulkitzearen bidez.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkuran adierazi duenez, atxikipenen lurralde-banaketa bat dator, neurri handian, Euskadiko demografiarekin. “Azken unean eskaera asko jaso ditugunez gero, atxikitzeko epea beste bi egunetan luzatzea erabaki dugu, eta ia 3.000 merkataritza-establezimenduren atxikipena jaso dugu. Atxikipenen lurralde-banaketa bat dator, neurri handian, gure Erkidegoko demografiarekin, eta hiriburuek guztizkoaren % 34 bildu dute”.

Bonuak establezimenduek berek kudeatuko dituzte online plataforma baten bidez. Bonuak Euskadin bizi diren 18 urtetik gorako pertsonek erabili ahal izango dituzte, eta bakoitzak 4 bonu baliatu ahal izango ditu.

 “Euskadi Bonodenda” zein “Euskadi Turismo Bonua” kanpainak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak diseinatu eta koordinatu ditu, aldundiekin, udalekin eta EUDELekin lankidetzan, krisiak gehien zigortu dituen sektoreak suspertzeko, familietan kontsumoa aktibatzen laguntzeko eta horrek tokiko eta eskualdeko esparruan duen eragina sustatzeko helburuarekin.

Euskadi Turismo Bonua kanpainaren kasuan, erakundeek eta sektoreak berak erabaki dute ekimenarekin aurrera jarraitzea, baina atxikitzeko eta erabiltzeko epeak luzatuta. “Turismoaren eta ostalaritzaren sektorean —azaldu du Hurtadok—, udalerrien artean eta autonomia-erkidegoen artean ez ezik herrialdeen artean ere ezarri diren mugikortasun-murrizketek oso neurri handian baldintzatu dute egoera. Hori kontuan hartuta, inplikatutako 7 erakundeok, sektorearekin koordinatuta, erabaki dugu turismoko bonuarekin aurrera jarraitzea. Beraz, enpresak atxikitzeko epea azaroaren amaierara arte luzatuko da, eta bonuak erabiltzeko epea, berriz, 2021eko maiatzera arte".

Amaitzeko, gogorarazi du lanean jarraitzen dela “egoera honi premiarik handieneko sektoreetara iristea ahalbidetuko duen askoz ikuspegi zabalago batekin aurre egiteko erreskate-neurri berrien eta koordinazioan eta adostasunean oinarritutako bideen inguruan. Egungo egoerak eskaintzen dizkigun aukera guztiak baliatuta. Dagoeneko, erakunde arteko mahai baten, euskarri- eta sentsibilizazio-kanpaina berrien, baterako jarduketen eta, ororen gainetik, gobernantza erreal baten inguruan ari gara lanean, sektorearekin aliantzan”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak