Berriak Lehendakaritza
Eu

Foru-erakundeek ez zuten Europako Batzordeari "jakinarazteko betebeharra" bete

2011.eko ekainak 09

Lehendakariaren arabera, Luxemburgeko sententziak foru-erakundeek inbertsiorako sustapen fiskalak instrumentatu zituzten moduari buruz “berrikuspen kritikoa” egitera behartzen du

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Euskal Aldundiek 90eko hamarkadan enpresa berriak sortzeko eman zituzten diru-laguntzak legez kanpokotzat jo dituela jakin ondoren, Patxi López lehendakariak onartu du “ez dela mesedegarria gure interesetarako”.   Lópezek eskatu du “berrikuspen kritikoa” egiteko foru-erakundeek “inbertsiorako sustapen fiskalak instrumentatu” zituzten moduari buruz.

Lehendakariaren ustez, Kontzertu Ekonomikoa, zergen arloko politika eta zergen arloko pizgarriak inbertsiorako erabiltzea “elkarrekin eta ahal beste partekatuz” eztabaidatu eta definitu behar diren gaiak dira; izan ere, Lópezek azaldu duen bezala "hiru lurralde gara, baina herrialde bakar bat osatzen dugu, gizarte bat, eta horrela jokatu behar dugu”. Lehendakariak azpimarratu du “gurea defendatu” behar dugula, baina ez dugu ahaztu behar “osotasun handiago baten parte garela: Europaren parte, hain zuzen, eta bere arauak eta prozedurak dauzka”.

Patxi López lehendakariak adierazpen horiek egin ditu SEA-Arabako Enpresariek Gasteizen egin duen ezohiko Biltzar Nagusian. Ekitaldi horretan Arabako enpresarien ordezkari ugari bildu dira, baita Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua eta Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburua ere.

Luxemburgeko Auzitegiaren epaiaren ostean, Lópezen ustez, beharrezkoa da “berrikuspen kritikoa” egitea Aldundiek 90eko hamarkadan inbertsioa pizten zuten moduari buruz.  Lehendakariak onartu du arautzeko gaitasuna bazegoela eta beharrezkoa zela ekonomia sustatzea, baina “Batasunak eskumenei buruz zuen araudiaren ertzetik ibili ziren”. Lópezek ziurtatu du ez zela bete “sortutako diru-laguntzak aldez aurretik Europako Batzordeari jakinarazteko betebeharra”.

Ekonomiaren egoerari dagokionez, lehendakariak berriz esan du bere Gobernuaren helburu “nagusia” izango dela “enplegua ahalik eta azkarren sortzea”. “Eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu”, eta “beste Sail batzuenak Euskadin enplegua sortzera bideratuko ditugu”, ziurtatu du. Lehendakariaren hitzetan, euskal ekonomia “pixkanaka-pixkanaka” krisitik irteten ari da. “Espainia baino askoz hobeto gaude”, erantsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)