Berriak Lehendakaritza

Marian Elorzak Periferiako eta Itsasertzeko Eskualdeen Konferentzian hartuko du parte, pandemiak eragindako krisian Atlantikoko eskualdeen papera aztertzeko

2020-10-29

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak Periferiako eta Itsasertzeko Eskualdeen Konferentziaren (CRPM) Batzar Nagusian hartuko du parte. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoak lehendakaritza duen Arku Atlantikoko Batzordearen izenean, pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko garaian Atlantikoko eskualdeen papera azalduko du. Modu telematikoan egingo den Batzarra Azoreetako (Portugal) Gobernuko presidente Vasco Cordeirok inauguratuko du. 

Kasu honetan, Europar Batasunak Europako eskualdeen susperraldi ekonomikoan nola lagunduko duen aztertuko dute bileran, batez ere. Testuinguru horretan, krisiaren inpaktuari eskualdeek aurre egiteko moduari buruzko panel bat antolatu dute. Bertan, Kohesio eta Erreformen Europako komisario Elisa Ferreirak eta CRPMako sei Batzorde Geografikoetako presidenteek hartuko dute parte. Arku Atlantikoko Batzordearen izenean, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak jardungo du, Lehendakariaren izenean. 

Gainera, Europarako Suspertze Planari buruzko beste panel batean Europako Parlamentuko eta Europako Batzordeko kideek esku hartzea aurreikusi da. Haiek amaitu ondoren, PRPMako kideekin mahai-ingurua egingo da. 

Amaitzeko, CRPMaren Bulego Politikoko (zuzendaritza politikoko organoa) kide berrien zerrenda aurkeztuko dute berresteko. Horrekin amaitzean, bulegoak bilera egingo du. Arku Atlantikoko Batzordeko lehendakaritza duen Euskal Autonomia Erkidegoak lehen aldiz hartuko du parte bilera horretan. 

Bulegoak CRPM 2019-2020ren jardueren txostenari buruzko dokumentuak, “Migrazio eta Asilo Itun Berriak ez ditu eskualdeak ahaztu behar” gaiari buruzko jarrera politikoa, CRPMaren finantza-dokumentuak, funtzionamenduko barne-erregelamendua eta urtero egiten den Azken Adierazpena aztertu eta, hala badagokio, bozkatuko ditu. Hartan, Europan eskualdeen papera indartzea, batez ere, bilatzen duten Europako erakundeei hainbat mezu politiko igortzen zaizkie.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak