Berriak Segurtasuna

Aitor Uriarte Joko eta Ikuskizunetako Zuzendaria Ludopatietan Laguntzeko Elkarteekin elkartuko da bihar, urriak 29, Jokorik Gabeko Egunean

2020.eko urriak 28

 Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriak 28

•Bileran azalduko die joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio ekintzak burutuko dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeei laguntzak emateko lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak sinatutako agindua
• Proiektuak, lehentasunez, adingabeei, nerabeei, familiei eta hezkuntza-komunitateari zuzenduta egongo dira
• EAEko aurrekontuetan horretarako izendatutako 200.000 euroko kontu-saila esleituko da


Aitor Uriarte Joko eta Ikuskizunetako zuzendaria bihar elkartuko da ludopatietan laguntza ematen duten eta Jokoaren Batzorde Tekniko Aholkularian parte hartzen duten hiru lurraldeetako elkarteekin –Asajer (Araba), Ekintza Aluviz (Bizkaia) eta Ekintza Bide (Gipuzkoa)– joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio ekintzak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeei laguntzak emateko lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak sinatutako agindua azaltzeko.

Bilera egun seinalatuan, urriaren 29an, Jokorik gabeko egunean, egingo da. Uriartek laguntza jaso dezaketen ekintzak aurkeztera eta hedatzera eta horietan parte hartzera bultzatuko ditu elkarteak. Laguntza horiek datorren ostiraleko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzekoa den aginduan jasotako lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Joko eta Ikuskizunetako zuzendaria txandaka ari da harremanetan jartzen jokoarekin zerikusia duten kolektiboekin, eta bileraz baliatuz Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoaren Erregelamendu Orokorra aldatzeko eta kolektibo guztien iritziak eta gogoetak jasotzeko egiten ari diren lana ere azalduko du.

Uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko jokoaren erregelamendu orokorreko 10. artikuluan ezartzen dira joko arduratsuaren printzipioak.

Artikulu horretan bertan adierazten da Jokoa Arautzeko Agintaritzak jokalarien eskubideak bermatuko dituela eta joko arduratsua sustatuko duela; eta horretarako, prebentzio- eta heziketa-kanpainak bultzatu eta babestuko dituela, eta prebentzio- eta laguntza-programetan esku hartuko duela Osasun arloko sail eskudunarekin, toki-administrazioekin eta jokabide adikzioak artatzen dituzten elkarteekin elkarlanean.

Kontuan hartuta Osasun Sailetik laguntzen direla erakunde horiek adikzioen prebentzio selektibo, adierazi eta asistentzialaren esparruan gauzatzen dituzten jarduerak, deialdi honen bidez informazio- eta prebentzio-jarduera unibertsalak lagundu nahi dira.

Prebentzio unibertsala herritar guztiei zuzenduta egiten dena da, eta osasuna sustatuz gauzatzen da, jokoarekiko adikziozko jokabideen arazoaren berri eta orientazioa emateko.

DIRULAGUNTZA JASO AHAL IZANGO DUTEN PROIEKTUAK

Joko patologikoaren prebentzio unibertsalerako eta informaziorako proiektutzat hartuko dira honako helburu hauek dituzten ekintzak gauzatzen dituztenak:

• Joko patologikoaren arriskuarekiko ahulezia-egoerak hautematea.
• Joko arduratsuaren ezaugarrien ezagutza sustatzea.
• Arazoak sor ditzakeen jokoaren, gehiegizko jokoaren eta joko patologikoaren arrisku-egoera baten adierazleak eta adikzioa sortzeko gaitasunean eraginik handiena duten faktoreak zein diren jakitea sustatzea.
• Teknologia berriek jokoan zer-nolako arriskuak dituzten jakitea.
• Joko patologikoaren aurkako borrokarako dauden jarduera eta baliabide publiko eta pribatuak jakitera ematea.

Proiektuen xede honako kolektibo hauek izan daitezke:

• Adingabeak
• Gazteak eta nerabeak
• Familiak
• Hezkuntza-komunitatea
Dirulaguntza jaso ahal izango dute 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean gauzatutako proiektuek. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Agindua betetzeko gehienez 200.000 esleituko dira, abenduaren 27ko 13/2019 Legeak onartutako 2020ko EAEko aurrekontuetan izendatuta daudenak. Laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleitzeko, honako balorazio-irizpideak izango dira kontuan:

a) Eskabidea egiten duen erakundearen aldez aurreko esperientzia (0-20 puntu)

a.1) Eskabidea egiten duen erakundeak jokoarekin zerikusia duten arazoekin erlazionatutako jarduerak edo programak gauzatzean duen esperientzia. Puntu bat emango da erakundeak administrazio publikoetatik laguntzaren bat lortu duen urte bakoitzeko. Urte berean laguntza bat baino gehiago jaso badu, bakarra zenbatuko da. Hori egiaztatzeko, laguntza eman izana egiaztatzen duen agiriaren kopia edo laguntzaren esleipena argitaratu zuen agintaritzaren aldizkariko erreferentzia aurkeztu beharko da, bai eta dirulaguntzaren betetze-mailari buruz laguntza eman zuen organoak egindako ziurtagiria ere. Era berean, puntu bat emango da egindako jarduera bakoitzeko, nahiz eta finantziazio publikorik ez izan, baldin eta agiri bidez justifikatzen bada. (gehienez 10 puntu).

a.2) Esperientzia jokoarekin zerikusia duten patologien laguntzaren eta prebentzioaren arloan, eta sektorea ondo ezagutzea, puntu bat urteko. (gehienez 10 puntu).

b) Dirulaguntzarekin egingo diren jardueren balorazioa (0-80 puntu)

b.1) Diseinuaren kalitate teknikoa, erlazio koherentea egon dadin nabarmendu nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu espezifikoen, helburuak lortzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeari buruzko adierazleen ebaluazioaren artean. (gehienez 30 puntu).

b.2.) Jarduera gizartearen, osasunaren eta hezkuntzaren esparruko edo esparru soziosanitarioko beste federazio, erakunde edo gizarte-ekimeneko entitate batzuekin koordinatuta eta lankidetzan egitea, sareko lana sustatuz. Era berean, atal honetan baloratuko dira Jokoa Arautzeko Agintaritzarekin eta, bereziki, Jokoaren Euskal Behatokiarekin lankidetzan gauzatutako ekintzak. (gehienez 10 puntu).

b.3) Proiektuaren efizientzia, hau da, proiektuaren kostuaren, onuradunak izango diren pertsonen kopuruaren eta proiektua aplikatzeak izango dituen onuren arteko erlazioa. (gehienez 20 puntu).

b.4) Proiektuak arazoak sortzen dituen jokoaren prebentzioan eta joko arduratsuaren berri ematean duen eragina, proiektuko jardueren hartzaileak izango diren pertsonen kopuruaren arabera neurtuta. (gehienez 20 puntu).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak