Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritza Alemaniako merkataritza ganberen eredua aztertzen ari da nazioartekotzearen arloa indartzeko

2011.eko ekainak 07

 

Eusko Jaurlaritza Alemaniako merkataritza ganberen eredua aztertzen ari da nazioartekotzearen arloa indartzeko

 Bernabé Unda sailburuak atzerrian dauden bekadunen kopurua biderkatu nahi du 500eraino iritsi arte eta  espero du bankuek ekimen hori finantzatzen lagunduko dutela.

 Euskal delegazioak Fraunhofer, Europako zentro teknologiko nagusiaren egoitza bisitatu du. Zentro horrek berrogeita hamar bat proiektu dauzka martxan Tecnalia eta IK4rekin batera.

 Eusko Jaurlaritzak eusko ganberei helaraziko die eredu alemaniarra, "aintzat har dezaten une honetan egiten ari diren hausnarketa prozesuan, batez ere nazioartekotze gaietan".

 Bernabé Unda, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua buru  duen ordezkaritzak gaur bisitatu du Munich-eko eta Baviera Garaiko Merkataritza eta Industria Ganbera, Alemanian aplikatzen diren lanbide heziketako sistema dualak ezagutzeko eta baita ere jakiteko  zein paper duten ganberek Administrazioarekiko lankidetzan eta enpresei zerbitzuak eskaintzeko orduan.

 Eusko Jaurlaritzak hainbat aukera aztertu ditu Munich-eko Ganberarekin lankidetzan jarduteko eta bide horretatik nazioartekotzea indartzeko. Euskal ordezkaritzak eta Peter Driessen presidentea buru duen Bavariako erakundeak hainbat gai landu dituzte gaur, eta horri esker, bekadunen trukerako akordio batera iritsi dira. Sailburuak proposatu du SPRIrekin lankidetza hitzarmen bat sinatzea, euskal bekadunek praktikak egin ditzaten Alemaniako enpresetan eta alderantziz.

 Horren harira, bilera amaitzean sailburuak aurreratu du bekadunen kopurua biderkatu nahi duela "500eraino iritsi arte", aukera izan dezaten praktikak egiteko atzerriko enpresetan eta erakundeetan. Aurten, nazioartekotze arloko beka programak 85 bekadun izan ditu,  nabarmen igo baita kopuru hori azken bi urteetan (2009an guztira 40 ziren programa horietako bekadunak).

 Bernabé Undak gogora ekarri du lehendik ere harreman estua dagoela Alemaniako Merkataritza Ganberak Espainian duen egoitzarekin. "Ezagutu ditugu Bartzelonan ezarrita dauzkaten prestakuntza ereduak eta harreman horri esker Munich-eko esperientzia egiaztatzeko aukera izan dugu".

 Eusko Jaurlaritzak Eusko Ganberei helaraziko dizkie eredu alemaniarraren funtzionamenduaren xehetasun guztiak, "aintzat har dezaten une honetan egiten ari diren hausnarketa prozesuan, batez ere nazioartekotze gaietan" azaldu du sailburuak.

  Pilar Zorrilla Merkataritza eta Turismo sailburuordeak hurbiletik ezagutu du  nolako antolakuntza eredua erabiltzen duen Merkataritza Ganberak Munich-eko hiri-merkataritza dinamizatzeko eta nolako finantzaketa publiko-pribatua aplikatzen duten sektorearekin eta bikaintasun programekin lotutako proiektuak sustatzeko. Alor horretan, Eusko Jaurlaritzak Euskadin ezarrita daukagun programa aitzindaria azaldu du, zeinaren bidez  kalitatezko ziurtagiri berriak jarri baitira martxan merkataritzaren sektorean.

 "Antzekotasun asko daude merkataritza indartzeko bi moduen artean. Agian desberdintasunik handiena", azpimarratu du sailburuordeak, "hiri-merkataritza dinamizatzeko elkarteak finantzatzeko formula da: Euskadin ia %90a Eusko Jaurlaritzatik dator eta Alemanian, berriz, guztiz pribatua da".

 50 proiektu Fraunhofer zentroarekin

 Gaurko jardunaldiaren barruan, geldialdi garrantzitsu bat egin da Fraunhofer, Europako zentro teknologiko nagusian. Han izan dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Tecnaliako presidente den Javier Ormazabal eta IK4ko presidente den Juan María Iriondorekin batera.

 Zentro alemaniarrarekin izandako bileran gobernantza sistemak alderatu dituzte eta sakonago ezagutu dituzte I+G-ko proiektuen emaitzak hobeto neurtzeko eta inputen (diru-sarreren) jatorria ezagutzeko Fraunhofer zentroan erabiltzen dituzten sistemak.

 Nolanahi ere, harreman estua dago Euskadiko erreferentziazko bi zentroen eta Alemaniakoaren artean. Une honetan, IK4 eta Tecnaliak berrogeita hamar proiektu inguru dauzkate martxan zentro teknologiko alemaniarrarekin.

 Bileran izan dira halaber Eusko Legebiltzarreko Industri Batzordeko lau kide, euskal ordezkaritzarekin batera joan direnak: Estíbaliz Hernaez, Joana Madrigal, Carmelo Barrio eta Josu Osés.

 

 

Munich, 2011ko ekainaren 7a

 

Iruzkin bat
  • 2011.eko ekainak 07

    La unica duda que me dejan estos viajes al extranjero es si anteriores gobiernos y lehendakaris hubiesen girado su brujula hacia Alemania, EEUU, China, Brasil o Emiratos Árabes y no hacia Sudamerica (caladero de votos emigrantes) la crisis en Euskadi hubiese golpeado con menos intensidad? Supongo que nadie quiere hacerse esa pregunta....

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda