Lehendakariak Viralgen enpresako arduradunak hartu ditu

2020.eko urriak 27
  • Eusko Jaurlaritzak Viralgeni jakinarazi dio enpresaren proiektua lurraldean errotuta mantentzeko interesa duela, bere garaian hasitako plan estrategikoari eutsiz

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak Viralgen enpresako zuzendaritza eta talde zientifikoa hartu dituzte gaur goizean Lehendakaritzan. Bayer farmaziako multinazionalak atzo jakitera eman zuen albistearen testuinguruan egin da bilera hori; izan ere, Bayer terapia genikoaren alorrean hasiko da lanean, AskBio eta Viralgenen eskutik, horiek erosi baititu.

Javier García Viralgeneko zuzendari nagusiak operazioaren xehetasunak eman ditu bileran, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean egoitza duen Viralgen enpresari ere eragin baitio.


Aurrerantzean, Viralgen Bayer multinazionaleko kide izango da, baina bere jarduerak, kokapenak, egoitza sozialak eta proiektuak bere horretan jarraituko dute, orain arte ezarritakoaren ildotik.


Eusko Jaurlaritzak, Viralgen-en kapitalaren partaide denak, enpresaren zuzendaritzari jakinarazi dio hasierako proiektuari eutsi egin nahi diola, hasierako baldintzetan: terapia genikoan ikertzen, txertoak sortzen eta arlo biosanitarioan prestakuntzan sakontzen eta enplegu berria sortzen..

Bilera amaitutakoan, Arantxa Tapia sailburuak positiboki baloratu du Bayer enpresa farmazeutikoaren Euskadirenganako interesa; izan ere, Euskadiko jarduera biosanitarioa nazioarteko mapan kokatuko du, hedatzeko, hazteko eta eskualde osorako jarduera-potentzial handiagoko aukera berriak irekiz, hogei urtetan hainbeste inbertitu dugun sektore berritzaile honetan.

 
Era berean, bilera honetan, Jaurlaritzak Viralgen-i esan dio enpresaren proiektua lurraldean errotuta mantentzeko interesa duela, bere garaian hasitako plan estrategikoari eutsiz.


Tapiak adierazi duenez, "operazio honekin, Viralgen, Gipuzkoa eta Euskadi osoa jarduera biosanitarioaren txapeldunen ligako mapan kokatuko dira, Bayerren eskutik. Aukera paregabea da Euskadin proiektuak gure kabuz bultzatzeko ditugun gaitasunak erakusteko, gure laguntzekin eta lankidetza publiko-pribatuarekin, gerora sektorean eta mundu mailan dimentsioa berria hartzeko gai direnak.


Albiste horrek, gainera, 2020-2024 legealdirako konpromisorik garrantzitsuenetako batekin bat egiten du, joan den ostiralean sailburuak osoko bilkuran adierazi bezala, osasunaren industriari beste bultzada bat emango zaiolako.

 

 

 

2 iruzkin
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak