Berriak Lehendakaritza

Euskal herritar gehienek ezagutzen eta betetzen dituzte COVID-19aren aurkako neurriak

2020-10-23
  • Eusko Jaurlaritzak argitara eman ditu COVID-19ak eragindako egoerari buruz herritarren iritziak ezagutzeko urrian egindako galdeketaren emaitza 
  •  Lan horren emaitzek erakusten dute herritarrak oso kezkatuak daudela koronabirusaren hedapenaren eta bere ondorioen inguruan esparru guztietan; hala ere, osasuna (% 56) ekonomiaren eta enpleguaren (% 25) oso gainetik azaltzen da 
  •  Gehienek uste dute “okerrena oraindik iristear dagoela”  
  •  Txerto seguru eta eraginkor bat dagoenean, gehienak txertoa jartzearen alde agertzen dira, baina 10 lagunetik 3k bakarrik jarriko lukete txertoa berehala

 Konfinamenduak euskal herritarren artean, oro har, “ondorio pedagogiko” argia izan du, eta pandemiaren aurka hartutako prebentzio-neurriak eta egindako gomendioak neurri handi batean bete dituzte. Hala erakusten dute COVID-19ak eragindako egoerari buruz herritarren iritziak ezagutzeko urriaren 13tik 17ra Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako galdeketaren emaitzek.

Galdeketa horren arabera, 10 herritarretatik 7k uste dute herritar gehienak gizatasun- eta elkartasun-jarrera egokia izaten ari direla koronabirusaren aurkako neurriei aurre egiteko moduan, eta % 48 neurri zorrotzagoak hartzearen alde daude.

Lanaren emaitzek, gainera, erakusten dute herritarrak oso kezkatuak daudela koronabirusaren hedapenarekin eta bere ondorioekin esparru guztietan; hala ere, osasuna (% 56) ekonomiaren eta enpleguaren (% 25) oso gainetik azaltzen da.

Halaber, oso iritzi pesimista antzeman da pandemiaren egungo egoerari buruz galdetzean, osasun- eta ekonomia-krisiaren bilakaeraren eta iraupenaren aurrean eta horiek bizitzako ohituretan duten ondorioen inguruan dagoen ziurgabetasunagatik. Hala, gehienen ustez “okerrena oraindik iristear dago” (% 48); galdetutakoen % 26k, berriz, uste du okerrena pasatu dela.

Krisiari aurre egiteko euskal osasun-sistemak emandako erantzunaren inguruan, herritarren % 69k 7 eta 10 puntu artean baloratu du koronabirusaz gaixotuta dauden pertsonei Osakidetza ematen ari zaien osasun-arreta. Hala ere balorazio horrek behera egiten du osasun-agintariek emandako informazioak eta gomendioak argiak ote diren galdetzen dietenean.

Herritar gehienek balorazio positiboa egiten dute pandemiaren aurrean Eusko Jaurlaritza egiten ari den kudeaketaren inguruan. Gehienek (% 75), gainera, uste dute krisiari aurre egiteko modu egokiena Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta gainerako Autonomia Erkidegoetako gobernuen arteko “gobernantza partekatua” jorratzea izango litzatekeela.

Azkenik, azterketaren emaitzek erakusten dute, txerto seguru eta eraginkor bat dagoenean, herritar gehienek txertoa jartzearen alde egongo liratekeela. Hala ere txerto hori jartzeko unearen inguruan zalantzak daude. Hala, 10 lagunetik 3k bakarrik diote txertoa berehala jarriko luketela.

 Informazio gehiago

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak