Euskal zinema, nabarmendua Bilboko «Film Sozialak» Zinema Ikusezinaren 12. Nazioarteko Jaialdiko saridunen zerrendan

2020.eko urriak 22
  • Itxaso Diaz eta Estibaliz Urresola zuzendariak, eta euren lanak, ’La historia de todas nosotras’ eta ‘Nor-Nori-Nork’, hurrenez hurren, gailentzen dira
  • Edizio honetako sarien % 78a emakume zinemagileek jaso dituzte, hauetatik erdia baino gehiago Euskal Herrikoak dira
  • Saritutako filmak filmsozialakstreaming.org plataforma digitalean egongo dira ikusgai, urriaren 26tik 30era, online formatuan eta dohainik

 

Bilbo, 2020ko urriaren 22a. Bilboko «Film Sozialak» Zinema Ikusezinaren 12. Nazioarteko Jaialdiko saridunen zerrendak Euskal herriko zinema soziala saritu du. Hauen artean, Itxaso Diaz eta bere ’La historia de todas nosotras’; Estibaliz Urresola ‘Nor-Nori-Nork’ lanarekin; Jone Guenetxea eta Carlos Iglesias ‘Jantzari: Tradizioa eta parekidetasuna’ obrarekin, baita Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga eta bere ‘Mateoren Ama’ ere, nabarmendu dira.

Hamabigarren edizioak agur esan die ikusleei amaiera-ekitaldiarekin, non musika eta sari-banaketak izan baitira protagonistak. COVID-19ak eragindako oztopoak oztopo, aurrez aurreko film-emanaldiak egin ahal izan dira astean zehar jaialdiaren 24 egoitzetan, horien artean Bizkaiko Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 14 institututan.

«Oso zaila izan da jaialdiaren hamabigarren edizioa prestatzea eta abian jartzea; izan ere, bi jaialdi antolatu behar izan ditugu, aurrez aurrekoa eta, badaezpada, online formatukoa. Zorionez, aretoetan leku-kopurua murriztu bada ere, jendeak aukera izan du emanaldietara joateko eta Zinema Sozialaren egitarau bikainaz gozatzeko. Saio batzuetan jendea kanpoan gelditu behar izan da, aretoak bete egin direlako», azpimarratu du Juan Carlos Vázquez Velascok, ekitaldiaren zuzendariak.

Zinemaldiak, halaber, berdintasunaren aldeko apustuari eutsi dio: lehiaketan izan diren 84 filmetatik ia-ia erdia emakumeek zuzendutakoak izan dira. Ekitate hori nabaria izan da zinema sozialaren jaialdiko sarietan; izan ere, % 78 emakume filmegileek jaso dituzte.

«Zinemaldiak berdintasunerako ekintza positiboak aplikatzen ditu, batzuk ez hain agerikoak, eta bere helburua lortzen duen lehiaketa bakarrenetakoa da», nabarmendu du Vazquez Velascok. Halaber, gogorarazi du Pekingo Deklarazioaren 25. urteurrena bete dela. Deklarazio horren bidez, «mundu osoko emakumeak eta neskak ahalduntzeko programarik aurreratuena sortu zen, nahiz eta urte hauetan erabateko berdintasuna ezein herrialdetan lortu ez den eta planen % 80 inguru oraindik gauzatu gabe dauden». Beste urteurren batzuk ere gogoratu ditu Vázquez Velascok, horien artean lehenengo zinema-proiekzio publikoaren 125. urteurrena, Nazio Batuen Erakundearen 75. urteurrena eta Garapen Jasangarrirako Helburuen bosgarren urteurrena, horien ospakizunak COVID-19ak eta nazioarteko lider batzuen jarrerek estali baitituzte.

Hamabigarren edizioan nabarmendu diren gaien artean daude, besteak beste, genero-desparekotasuna, bazterkeria, natura-baliabideen ustiapenak komunitate indigenetan, haurrengan eta pobrezian duen eragina, genero-dibertsitatea eta migrazio-politiken ondorio suntsitzaileak.

Aurten, berritasun gisa, jaialdiko saridunen lanak online ikusteko aukera egongo da. Urriaren 26tik 30era, saritutako film guztiak doan ikusi ahal izango dira www.filmsozialakstreaming.org plataforma digitalean. Era berean, azpimarragarria da zinema sozialeko euskal zuzendariek hainbat sari eta aipamen berezi jaso dituztela aurtengo edizioan.

Jaialdiak 11 sari eta 7 aipamen banatu ditu, eta, gainera, gorazarre egin die Mungiako institutuari eta Azkuna Zentroa Alhondiga Bilbaori, 10 urtez erakutsi duten ekitaldiarekiko konpromisoagatik, baita Erandioko Tartanga institutuko zuzendari ohi Jose Ramon Ibabe Pérezi ere, etengabe eskainitako laguntzagatik. Azkenik, aipagarria da Invisible Expres publikoaren sarian EHUko ikasleek izan duten partaidetza handia, aurreko urteetakoaren hirukoitza; guztira 81 film labur jaso dira. Sari hori emateko, KCD GGKEaren Youtubeko kanalean zenbat Atsegin dut jaso dituen bakoitzak zenbatzen da. Aurtengo edizioan guztira 59.678 bistaratze eman dira aipatutako sare sozialean.

Sariak banatzeaz gain, itxiera-galan Afrika Bibang & Nomadak taldearen musikaz gozatzeko aukera izan da. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Lide Amilibia Berdintasun, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuordea, Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko diputatua, Irune Muguruza Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaria eta Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaiak arloko zinegotzia.

Jaialdia amaituta, KCD (Kultura, Communication, Desarrollo) GGKEak 13. Bilboko «Film Sozialak» Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia antolatzeko lanei ekin die. «Jaialdia gizarte inklusiboagoak, ekitatiboagoak eta jasangarriagoak sustatzeko tresna da. Mundua zoragarria izan daiteke, gure konpromisoa da hori lortzeko gakoa», esan du, bukatzeko, Juan Carlos Vázquez Velascok.

 

SARIDUNEN ZERRENDA

  • Euskaraz egindako lanik onenaren saria: «Nor Nori Nork», Estibaliz Urresola (Euskal Herria)
  • Aipamen berezia: «Mateoren Ama», Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga (Euskal Herria)

 

  • Giza Eskubideen saria: «Kalipay», Federico Cardelús (Espainia eta Filipinak)
  • Aipamen berezia: «18 meses descifrando los ojos de dulce», Pedro Roberto Jiménez (Espainia)

 

  • Genero Berdintasunaren saria: «Jantzari: tradizioa eta parekidetasuna», Jone Guenetxea Arrinda, Carlos Iglesias Serrano (Euskal Herria)
  • Aipamen berezia: «16 de decembro», Álvaro Gago (Espainia)

 

  • Emakume batek egindako lanik onenaren saria: «La Historia de todas nosotras», Itxaso Díaz, (Euskal Herria eta El Salvador)
  • Aipamen berezia: «Horn», Ghasideh Golmakani (Iran)

 

  • Garapen Iraunkorraren saria: «Cho Ukayib’al», Elijo Dignidad erakundea (Guatemala)
  • Aipamen berezia: «El monstruo Invisible», Guillermo Fesser Perez de Petinto, Javier Fesser Perez de Petinto (Espainia eta Indonesia)

 

  • Kulturartekotasunaren saria: « El hilo de la Luna», Inmaculada Antolínez, Esperanza Jorge (Espainia, Maroko eta Nigeria)
  • Aipamen berezia: «Encontres d’exili», Jorge Ramos, Jaume Durá (Espainia)

 

  • ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren saria: «El monstruo Invisible», Guillermo Fesser Perez de Petinto, Javier Fesser Perez de Petinto (Espainia eta Indonesia)

 

  • Balio Hezkuntzaren saria: «Era yo», Andrea Casaseca (Espainia)

 

  • Invisible Express saria: «No sé: En la Ópera», Andrea Lafuente Urtazu, Amaia Ajuria Urquidi, Laiene Rodríguez Fernández, Marina Urrutia Ruiz, Rubén Arbide Martín, Xabier Gómez Arellano (Euskal Herria)
  • Aipamen berezia: «Absurdez Mobile», Pedro Luis Blanco Siendones (Euskal Herria)

 

  • Invisible Expres publikoaren saria: «Oye Siri», Aida Sánchez Pérez, Eder Blanco Cabado, Endika Díaz García, Gaizka Galdames Seijas, Jon Díaz García (Euskadi)

 

  • Zinema Ikusezina publikoaren saria: «Romipen», Helena Bayona (Espainia)

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak