Elkarlan Sariak
Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Eusko Jaurlaritzak euskararen estrategia digitalaren inguruan hausnartzeko online jardunaldia antolatu du

2020-10-22

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak “Euskararentzako estrategia digitalaren bila Europari begira” jardunaldia antolatu du datorren asteazkenerako, urriaren 28rako. Hasiera baten jardunaldia udaberrian egitekoa zen baina osasun egoeraren ondorioz udazkenera atzeratu zuten. Orain online egingo da. Goizeko 9etan hasi eta eguerdiko 14ak bitartean nazioarteko hainbat adituk euskarak mundu digitalean izan behar duen ibilbideari buruz hausnartuko dute. Interesa dutenek urriaren 26a baino lehen eman beharko dute izena honako helbide honetan:  https://www.euskadi.eus/ekitaldia/euskara-estrategia-digitala/web01-a2lingu/eu/

Euskara Sustatzeko Ekintza Planak bere erronken artean argi esaten du hizkuntza batek IKT alorrean, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan, etorkizuna izan nahi badu, oinarrizko baliabideak eta tresnak behar dituela eta horiek euskaraz garatzeko eta eguneratuak izateko ekimen eraginkorrak bultzatuko dituela. Era berean, 2020-2024 Gobernu Programan euskararen ezagutza areagotzeko eta, batez ere, euskararen erabilera azpimarratzeko gizarte- eta kultura-eremuetan, eremu ekonomikoetan, digitaletan eta sektore publikoan konpromisoa hartzen da; horretarako, besteak beste, Hizkuntzaren Teknologien Plana onestea eta garatzea eta euskararen presentzia, euskarazko edukien sorkuntza eta horien ingurune digitaleko erabilera sustatzea proposatzen da. Horretan ari da Euskararen Aholku Batzordeko Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko batzorde-atala. 2020. urtean euskara arlo digitalean sustatzeko bide-orri berria prestatu nahi du eta horretarako baliatuko du datorren urriaren 28ko jardunaldia. 

Europa mailako adituak 

Nazioarteko esperientzietatik ekarpen interesgarriak jaso eta beste informazio iturri batzuk aurkitzeko helburuarekin egingo da datorren asteazkeneko topaketa. Jardunaldiotan ingurune digitalean adituak diren pertsonek parte hartuko dute. Eusko Jaurlaritzako eta Euskararen Aholku Batzordeko kideez gain Alemaniako, Espainiako Gobernuko, Kataluniako Generalitateko, Islandiako, Galeseko eta Estoniako adituek parte hartuko dute. Beraiek bizi duten esperientziatik eta errealitatetik osatu nahi dute datozen urteetan euskarak ingurune digitalean izan behar duen ibilbidea.

Programa 

09:00

Aurkezpena

-      Bingen Zupiria Gorostidi, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua

-      Maite Goñi Eizmendi, EABren “Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko” Batzorde-atalaren zuzendaria

09:15

European Language Grid – Towards the primary Platform for Language Technology in Europe

-      Dr. Georg Rehm. Ikertzaile nagusia eta ikertzaile elkartua. Adimen Artifiziala Ikertzeko Alemaniako Zentroa (DFKI)

10:00

Plan de Impulso de las Tecnologías del Lenguaje

-      Juan de Dios Llorens González. Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritza (SEDIA). Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioa. Espainiako Gobernua.

10:45

Promoción del .cat y del catalán en Internet

-        Anton Ferret Baig.

Informazioaren, Hedapenaren eta Azterlanen zerbitzuburua. Kataluniako Generalitatea

11:30

Atsedenaldia

12:00

Language Technology for Icelandic 2018-2022

-      Jóhanna Vigdís Guðmundsdóttir. Zuzendari exekutiboa, Almannarómur (Hizkuntzaren Teknologietarako Zentroa). Islandiako Hizkuntzarako Proiektuaren zuzendari exekutiboa

-      Anna Björk Nikulásdóttir. Grammateken sortzaileetako bat eta Islandiako Hizkuntzaren Teknologietarako Partzuergoko proiektu-arduraduna

12:45

Welsh language technology action plan

-      Dr Jeremy Evas. Is-adran y Gymraeg/Galesko Hizkuntza Saila. Llywodraeth Cymru/Galesko Gobernua

13:30

Development of Estonian Language Technology.

-      Kadri Vare, estonierarentzako Hizkuntza Politika Saileko koordinatzailea. Hezkuntza eta Ikerketa Ministerioa. Estoniako Gobernua

14:15

Itxiera.

-      Miren Dobaran Urrutia, Hizkuntza Politikako sailburuordea

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko