Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak Gipuzkoan eta Araban indarrez lapurretak egiten zituen talde kriminal bateko sei pertsona atxilotu ditu

2020-10-25
  • Ertzaintzak azken sei hilabete hauetan Gipuzkoan desegin duen eta enpresetan lapurreta egiten espezializatuta zegoen bigarren talde kriminala da
  • Gipuzkoako eta Arabako enpresetan eta ostalaritza-establezimenduetan indarra erabiliz egindako 50 bat lapurreta leporatzen dizkiete

Oiartzun, 2020ko urriak, 25

Ertzaintzako Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuak orain dela sei hilabete hasitako ikerketa, Stefan Operatiboa izenekoa, sei pertsona atxilotuta burutu da. Guztiak Gipuzkoako Lurralde Historikoan finkatuta zegoen talde kriminal bateko kideak dira, 24 urtetik 50 urtera bitartekoak.


Atxiloketak astelehenean, 2020ko urriaren 19 goizean, egin zituzten Donostian, Lezon eta Irunen gauzatutako operazio batean.
Dispositiboan Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuko agenteek parte hartu zuten Brigada Mugikorraren Unitateak, Txakur Unitateak eta Donostiako, Errenteriako eta Irungo ertzain-etxeetara atxikitako herritarren babeserako patruilek lagunduta.


Bestalde, guztira lau etxebizitza miatu zituzten, ikerketa zuzendu duen Tolosako 3. Instrukzio Epaitegiaren titularrak aginduta, eta miaketa horietan ikertzen ari ziren delituarekin erlazionatutako hainbat objektu eta erreminta atzeman zituzten.
Horrez gainera, atxilotuek lapurretak egiteko erabiltzen zituzten hiru autoak ere konfiskatu dituzte. Horietako bat duela gutxi alokatu zuen taldeak Valentziako Komunitatean.
Ikertzaileek azken hilabeteotan indarra erabiliz egindako berrogeita hamar bat lapurreta leporatzen dizkiete taldeko kideei; lapurretak Gipuzkoako hainbat herritako industrialdeetako enpresetan egin zituzten, besteak beste, Iruran, Adunan, Astigarragan, Beasainen, Ordizian, Orion, Hernanin, Oiartzunen, Irunen eta Errenterian, eta, Arabari dagokionez, Gasteizen.


Horrez gainera, Donostiako, Irungo, Hondarribiko eta Oiartzungo ostalaritza-establezimendu batzuetan ere sartu ziren.
Lapurreta horietan, alarma-sistemak neutralizatu ondoren, enpresetako kutxa gotorretako dirua lapurtzen zuten. Enpresetara atea edo leihoa behartuta sartzen ziren eta, kasu batzuetan, fatxadetan zuloa eginda. Horretarako, erreminta ezberdinak erabiltzen zituzten, besteak beste, zulagailu kolpekariak, disko-makinak, mazoak eta bihurkin handiak. Bestalde, ostalaritza-establezimenduetan tabernako edo jatetxeko kutxa erregistratzaileetan egiten zuten lapurreta, eta merkatuan dagoen kutxa erregistratzaile adimendun jakin bat irekitzen espezializatuta zeuden.


Polizia-eginbideak amaitu ondoren, atxilotuak instrukzio-epailearen esku jarri zituzten Tolosako epaitegietan 2020ko urriaren 21ean, eta epaileak atxilotuetako hiru fidantzarik gabe espetxean sartzeko agindua eman zuen.
Taldeko gainerako kideak karguak egotzita aske geratu ziren, eta ezarritako kautelazko neurrien ondorioz aldian behin epaitegira agertu beharko dute eta ezingo dira herrialdetik atera.


Ertzaintzak egindako miaketetan atzemandako materialaren zati baten argazkia erantsi da
Bideoa erantsi da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak