Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Nazioarteko ikerlariek Okako estuarioa analizatu dute klima aldaketak ekarriko dituen ondorioetara egokitzeko

2011.eko ekainak 07
  • Lortuko diren emaitzak Kantauri itsasoaren kostaldeko beste estuario batzuetara helarazi ahalko dira

Okako estuarioko ahoan (Urdaibai) nazioarteko azterlan bat egiten ari da, ekainaren 6tik 14ra, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) zuzendaritzapean, klima-aldaketaren ondorioak aurreikusteko. Azterlana K-EGOKITZEN ikerketa aplikatuko proiektuaren barruan ari da egiten eta klima aldaketaren ondorioz itsasoaren maila igotzen ari dela (3-5 mm/urtea) ikusirik kostaldeak izan lezakeen erantzuna modelizatzea eta etorkizunean egon litezkeen aldaketak eta hartu beharreko neurriak aurreikustea du helburu.

Eusko Jaurlaritzaren ETORTEK ikerketa estrategikoko programaren barruan egin den ikerketa honetan lortutako emaitzak Kantauri itsasoaren kostaldeko antzeko estuarioetara helarazi ahalko dira. Horretarako, gaur egun estuariotik atera eta irteten den hareazko sedimentu-kopuruaren balantzea egingo da, eta itsas-korronteak kuantifikatu eta deskribatu egingo dira, baita olatuek ahoan duten eragina eta han eragiten den sedimentuaren garraioa ere.

Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak azpimarratu du beharrezkoa dela "ikerketa eta ezagutza zientifikoaren alde apustu egitea, aldera daitezkeen alterazioen izaera eta garantzi-maila ulertu ahal izateko eta klima aldaketara egokitzeko erabaki egokiak hartzeko".

Azterlana egiteko, bi itsasontzi erabiliko dira, 12 eta 5 metrokoak, hurrenez hurren, eta parametro anitzeko hainbat gailu eta tresna informatikoak erabiliko dira. Horien bidez, itsas-korronteak, olatuak eta sedimentuen garraioa monitorizatuko dira presio- edota uhertasun-sentsoreekin, sendimentuetarako tranpekin, sentsore akustikoekin, etab. Gainera, urpean igeri egiteko eta argazkiak egiteko baliabideak erabiliko dituzte, eta sedimentu-laginak hartuko dituzte bai hondoan, bai ur-zutabean. 12 orduko kanpaina sakonak egingo dira eta marea-ziklo guztiak barne hartuko dituzte. Gero, lortutako emaitzen inguruan prozesu osteko lan bat egingo da, eta, ondorioz, beharrezkoa izango da 6-9 hilabete inguruko itxaronaldi bat igarotzea azterlanaren emaitzak ezagutzeko.

Ikerketa taldea Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Herea Ikerketa Taldeak (25 urtetik gora daramatza Euskadiko kostaldea ikertzen) eta Erresuma Batuko Zentro Ozeanografiko Nazionalak (National Ocenography Centre, NOC) osatzen dute. Gainera, honako hauen lankidetza du, besteak beste: Carl Amos irakaslea, kostaldeko dinamikan eta mundu-mailako kostaldeko morfodinamikan aditua; Sardegnako Unibertsitateko (Italia) Eleonora Manca doktorea; Ian Townend doktorea (Erresuma Batua), H.D. Wallingford-eko ikerketa-zuzendaria; Alanoud Al-Ragum (Kuwait) eta Manu Monge doktorea.

K-EGOKITZEN ikerketa aplikatuko proiektu bat da, Klima-aldaketak dakartzan ondorioei buruzko ezagutzaren garapenean eta eragin horiei aurre egitea ahalbidetzen duten egokitzapen-bide posibleetan oinarrituta dago, eta, horretarako, bertan esku hartzen duten prozesuen eta sistemen ezagutza hartzen da abiapuntu gisa; hartara, egokitzapen-estrategia eraginkorrak eta ekonomikoki gauzagarriak diseinatu ahalko dira.

K-EGOKITZEN proiektua Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak batera finantzatu dute, eta, EAEn klima-aldaketak eragin litzakeen egoerei erantzuteko, Euskal Herriko giza sistemetara eta tokiko sistema naturaletara egokitzeko estrategiak diseinatzea du helburu, kaltea murrizteko edo aukerak aprobetxatzeko.

Hori guztia klima-aldaketak Euskadiko sistemetan duen eragin lokalaren gaineko ezagutzan oinarrituko da. K-EGOKITZEN proiektua Eusko Jaurlaritzaren ETORTEK ikerketa estrategikoko programaren barruan dago, Zientzia, Teknologia eta Ikerketa Planak zehaztutako ikerketa-lerroen barruan, Eko-Berrikuntzaren ardatzean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan