Bingen Zupiriak ZINEBI 2020-Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazioarteko Jaialdiaren aurkezpenean parte hartu du

2020-10-21

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Bilboko ZINEBI dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiaren 62. edizioaren aurkezpenean parte hartu du gaur. Azaroaren 13tik 20ra egingo da aurtengo edizioa eta guztira, 36 herrialdetako 121 filmek parte hartuko dute sail ezberdinetan: 89 film labur, 5 film ertain eta 27 film luze.

Aurkezpenean Bingen Zupiriak txalotu egin du Bilboko Udala kultur jarduerak mantentzeko egiten ari den ahalegina. Gaineratu duenez, "aurtengo ZINEBI mundu digitalean ere biziko da eta aireratuko da. Gaisotasunak ekarri duen gauzetako bat da kultur eduki asko modu digitalean jasotzen ditugula eta ZINEBIk izango du bere hanka digitala ere".  Zinemaldi hau erreferente dela ere azaldu du Zupiriak "ZINEBI 62 urte hauetan sendotu egin da eta aurten gehiago. Erreferentea da estatuan eta nazioartean eta garrantzitsua da azpimarratzea euskal ekoizpenek ZINEBIn duten tokia". Izan ere, ZINEBIren 62. edizio honetan ikusiko diren 36 film Euskadin ekoitziak dira: 29 film labur eta 7 film luze. 

Informazio gehiago hemen

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak