Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Ia 300 gonbidatu gaur gauean Euskadiren turismo-aurkezpenean, Munichen

2011.eko ekainak 07

Eusko Jaurlaritzak bere turismo-eskaintza aurkeztuko du sektorearen hirugarren merkatu garrantzitsuenaren aurrean, joan den urtean Alemaniatik Euskadira 62.000 bidaiari etorri zirelako, gutxi gorabehera, % 17ko hazkundea izan ostean

'Euskadi sabe a moda' (Euskadin moda zapore) lelopean, ekitaldi horren bitartez Cristóbal Balenciaga jostunari omenaldia egin nahi zaio, eta zortzi euskal diseinatzaile inplikatu dira ekimen horretan: Alicia Rueda, María Cle Leal, Miguel Palacio, Minimil, Marian Ocariz, Modesto Lomba, Isabel Zapardiez eta Lemoniez.

Besteak beste, Alemaniako turismo-sektoreko hainbat profesionalek berretsi dute bertaratuko direla, baita komunikabideetako ordezkariek, Municheko bizitza sozialaren eta kulturalaren hainbat ordezkarik eta Bavaria eskualdeko zenbait agintarik ere.

Euskadik bere turismo-aurkezpena egin aurretik, lan-jardunaldi bat antolatuko da, 14 euskal enpresa eta Alemaniako zenbait bidaia-agentzia eta turoperadore bilduko dituena.

Urteko lehen lau hilabeteetan Alemaniako turismoak goranzko joerari eutsi dio Euskadin, eta % 2,9 igo da guztira.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda buru dela Eusko Jaurlaritzak Alemaniara egindako erakunde-bidaiak turismoari emango dio lehentasuna gaurko egunean. Gaur gauean, 20:00etatik aurrera, ia 300 gonbidatu bilduko dira Praterinsel enblematikoan, Munich hiriko erdigune historikoan kokatutako eraikin historikoan alegia, Euskadi helmuga turistiko gisa aurkezteko ekitaldian.

Ekitaldia euskal turismo-sektorearentzat lehentasunezkoa den herrialde batean antolatu da. Izan ere, 2010ean Alemaniako 62.000 bisitari izan genituen, gutxi gorabehera, eta, horrenbestez, estatu federala hirugarren merkatu garrantzitsuena da une honetan Euskadiren turismoarentzat, aurretik Frantzia eta Erresuma Batua bakarrik dituelarik.

Gainera, gaur Getariako Balenciaga Museoa ere inauguratzen denez, gaur gaueko ekitaldian euskal jostun handiari omenaldi moduko bat eskaini nahi izan zaio. Euskadiren moda-munduko itzal handiko zenbait pertsonak bat egin nahi izan dute Municheko ekimen horrekin, hala nola Alicia Ruedak, María Cle Lealek, Miguel Palaciok, Minimilek, Miriam Ocarizek, Modesto Lombak, Isabel Zapardiezek eta Lemoniezek. Horietako bakoitzak Euskadin oinarritutako diseinu bat egin du, guztiok ere Cristóbal Balenciaga omentzeko asmoarekin. Lanak gaueko ekitaldi osoan egongo dira erakusgai.

Gainera, ekitaldia amaitzean, bertaratutako guztiek aukera izango dute 'Euskadi jantzia' egiteko zereginean parte hartzeko, euskal jostunetako batek gainbegiratuta. Behin jantzia egin ondoren, Euskadin oinarritutako diseinuaren emaitzarekin argazki bat ateratzeko aukera izango dute.

Besteak beste, Espainiak Munichen duen kontsul Enrique Iranzo jaunak berretsi du bertaratuko dela, baita Alemaniako turismo-sektoreko hainbat profesionalek, komunikabideetako ordezkariek, Municheko bizitza sozialaren eta kulturalaren hainbat ordezkarik eta Bavaria eskualdeko zenbait agintarik ere. Egun hauetan Alemaniako eta Austriako zenbait hiri bisitatu dituen euskal ordezkaritzako kideak ere egongo dira bertan. Horien artean, Eusko Legebiltzarreko Industria Batzordeko zenbait politikari.

14 turismo-enpresa Munichen

Arratsaldean, turismo-aurkezpenaren aurretik eta Balenciaga maisuari omenaldia egin baino lehen, Euskadiko turismo-sektoreko 14 enpresek 'work-shop' batean hartuko dute parte, Alemaniako sektoreko hainbat profesionalekin batera. Espainiak Munichen duen Turismo Bulegoak lagundu dio Eusko Jaurlaritzari ekitaldi guztiak antolatzeko lanetan.Elkargunerako hautatutako aretoan, Euskadiren bost "mundu" aurkeztuko dira: kostaldea, natura, mahastiak, tradizioa eta abangoardia, Euskadiren hainbat irudik eta soinuk girotuta.

Zalantzarik gabe, aukera berri bat izango da gure sektorearentzat lehentasunezkoa den merkatu batean lanean jarraitzeko. Izan ere, Alemania da Europan Bilboko aireportutik aire-konexio gehien egiten dituen herrialdea, Dusseldorferako, Municherako, Frankfurterako eta Stuttgarterako zuzeneko loturak baititu.

2010ean, Alemaniatik Euskadira etorritako turista kopurua % 17 hazi zen joan zen urtearen aldean. 2011n joera hori ildo beretik doa, urteko lehen lau hilabeteetan % 2,9ko hazkundea izan baita.

Alemaniako turistaren profila

Alemaniatik Euskadira datozen bidaiarien helmuga nagusia hiriburuak dira (% 66,9). Hiriburuen artean, hiru, lau eta bost izarretako hotelak hautatzen dituzte normalean (% 53,4), atzerriko turisten batez bestekoaren gainetik (% 49,7) eta turista nazionalen guztizkoaren gainetik (% 46,6).

Bestetik, Alemaniako bidaiariak ez datoz bat Euskadiko turista-sarreren ohiko banaketarekin. Maiatzetik urrira bitarteko hilabeteetan etortzen dira gehienak, hilez hileko banaketa nahikoa homogeneoa izanik. Abuztuan ez da sarreren maila gorena izaten, eta sarrera gehien irailean erregistratzen dira normalean.

Erabilitako garraiobideei dagokienez, Alemaniako bidaiarien % 60 airez iristen da gurera, eta % 37, berriz, errepidez sartzen da Euskadin. Alemaniako bidaiarien % 47k aisia-arrazoiengatik edo oporrengatik bisitatzen gaitu, eta % 35ek, berriz, lanarengatik edo negozioengatik, atzerriko turisten batez bestekoaren oso gainetik (% 19).

 

 

Iruzkin bat
  • @TvEuskadi
    2011.eko ekainak 07

    Comentario de Twitter:
    Casi 300 invitados acuden esta noche a la presentación turística de Euskadi en Munich: http://bit.ly/mJev1S vía @Irekia_News

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)