MOVES Planaren laguntzak indarrean sartu dira Euskadin

2020-10-20
  • Gaurdanik aurrera eta 2021eko irailera arte dirulaguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko aukera izango da EEE Energiaren Euskal Erakundearen webgunearen bidez
  • Guztira, 4,5 milioi euroko aurrekontua du; horietatik, 2 milioi ibilgailuak erosten laguntzera bideratuko dira, hala nola automobil elektrikoak eta hibrido entxufagarriak, besteak beste. Horretaz gain, elektrizitatea kargatzeko guneen instalazioak eta bizikleta elektrikoak mailegatzeko sistema berriak ere diruz lagunduko dira
  • Aurreikuspenen arabera, 600 ibilgailu eraginkor eta iraunkor inguruk jasoko dute dirulaguntzaren bat

Energia alternatiboez elikatutako ibilgailuak erosten laguntzea helburu duen MOVES Planaren laguntzak gaur sartu dira indarrean Euskadin, Energiaren Euskal Erakundearen kudeaketaren bitartez. Laguntzez baliatzeko eskaerak honako helbide honetan egin ahal izango dira: www.eve.eus

Planak emango dituen dirulaguntzei esker, gasolina eta gasolioaren alternatiba diren energiaz elikatutako automobil eta furgonetak berritzeko parada izango da. Gainera, elektrizitatea kargatzeko guneen instalazioak eta bizikleta elektrikoak mailegatzeko sistema berriak ere diruz lagunduko dira.  Ibilgailu mota ugari diruz lagunduko dela kontuan izanik (elektrikoa, hibrido entxufagarria, hidrogeno bidezkoa, gas naturalez edo GLPez elikatutakoa), ibilgailu zaharra txatar bihurtzeko aukerarekin batera, 600 ibilgailu eraginkor eta iraunkor ingururi dirulaguntzaren bat emango zaiela espero da. 

MOVES Planak, gainera, era esklusiboan, atzeraeraginez erabili ahalko da partikularren aldetik, ekainaren 17tik erositako ibilgailuen kasuan, programa BOEn argiratutako egun beretik. Planaren dirulaguntzak ez dira bateragarriak helburu bera duten beste programa batzuenekin.

Euskadin bideratuko den diru kopurua 4,5 milioi eurokoa da, eta dirulaguntza jaso dezaketen 4 jarduerak honako hauek dira:

  • Energia alternatiboez elikatutako ibilgailuen erosketa: 2 M€.
  • Ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneen ezarpena: 1,8 M€.
  • Bizikletak mailegatzeko sistemen inplementazioa: 226.200 €.
  • Lantokietarako mugikortasun iraunkorraren aldeko neurriak: 452.400 €. 

Euskadin, Energiaren Euskal Erakundeak kudeatuko ditu dirulaguntza horiek, eta IDAE Instituto para Diversificación y Ahorro de Energíaren funtsak ditu.

Informazio gehiago MOVES Euskadi:

https://www.eve.eus/Programa-de-ayudas/2020/Programa-MOVES-II-2020?lang=es-es

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak