Berriak Segurtasuna

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du haizeagatik, gaur astearteko 21:00etatik hasita, asteazkeneko 03:00rak arte

2020-10-20

 Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriak 20

• Haize-boladak 120 km/h-tik gorakoak izan litezke haizeguneetan eta 100 km/h-tik gorakoak haizeguneak ez direnetan
• Haizealdiak EAE osoan izango du eragina, nahiz eta kostaldean eragina txikiagoa izango den

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du haizeagatik gaur, asteartea, urriak 20, 21:00etatik aurrera, biharko, asteazkeneko 03:00rak arte. Haize-boladak 110-120 km/h-tik gorakoak izan litezke haizeguneetan eta 90-100etik gorakoak gainerakoetan. Haizealdiak EAE osoan izango du eragina, baina kostaldean eragina txikiagoa izango da.
Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Atlantikoko borraska batek, Barbara izenez bataiatua izan dena, hegoaldeko haize gogorra eragingo du EAE osoan, hego-ekialdekoa lurraldearen ekialdean eta hego-mendebaldekoa Bizkaia mendebaldean.
Berez, gaur, asteartea, 21:00etatik aurrera biharko, asteazkeneko, 03:00rak arte, haizea zakar ibiliko da, eta haize-boladak 110-120 km/h-tik gorakoak izan litezke mendi inguruetan eta 80-100etik gorakoak kostaldean. Gainerako lekuetan ere haizea zakarra izango da eta haize-boladak 90-100 km/h-tik gorakoak izan litezke.
Haizeak indarrik handiena gaur azken orduetan eta bihar goizaldean izango du, baina abisu horia indarrean egongo da EAE osoan aurreko orduetan (gaur egun osoan 21:00ak arte) eta hurrengoetan (biharko 03:00etatik 09:00ak arte).
Gainerakoan, gaur eguraldi hodeitsua izango dugu eta zaparradak botako ditu, batez ere goizean. Tenperaturari dagokionez, nahiko altuak izango dira urte sasoi honetarako, 18-24 ºC ingurukoak. Hego-haize zakarrari esker tenperatura kantauri isurialdean igoko da gehien.
Bihar, asteazkena, hodeiak gutxitu egingo dira eta egunaren lehen eta azken orduetan noizbehinka zaparradak bota ditzake. Tenperaturak gora egingo du apur bat, eta 20-25 ºC inguruan ibiliko dira.


HERRITARRENTZAKO GOMENDIOAK


• Ate, leiho eta toldoak itxi eta ondo tinkatu.
• Kendu lorontziak eta kalera eror daitezkeen gauza guztiak.
• Urrundu erlaitz, murru, zuhaitz edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili egiten ari diren etxeen edo kolokan dauden eraikinen aurretik.
• Errepidean kontu handiz ibili.


UDALENTZAKO GOMENDIOAK


• Erreparatu ondo udalerrian jarrita dauden aldamio, garabi eta obrako beste elementuei, denak ondo tinkatuta daudela ziurtatzeko.
• Tinkatu ondo hiri-altzariak, zabor-ontziak edo istripua eragin dezakeen beste edozer gauza.
• Erreparatu instalazio ez egonkor, eramangarri edo desmuntagarriei (adibidez, karpak), eta tinkatu ondo.
• Ziurtatu ez dagoela inor herrian kanpin egiten leku arriskutsuetan, eta aztertu herriko kanpin-instalazio guztiak.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak