Artolazabalek migrazioen arloko ekimenen berri eman dio Espainiako Gobernuari

2020-10-19
  • Eusko Jaurlaritzak SHARE proposamena gogorarazi du, erantzukizunak partekatzeko tresna gisa
  • Berdintasuneko sailburuaren iritziz, erronka “aniztasuna herritartasunari dagokionez kudeatzea” da
  • Euskadira bizitzen datozen pertsonak integratzeko eta haien erabateko partaidetzarako, “mekanismo errazak antolatu behar dira, migratzaileen administrazio-egoera erregularizatu ahal izateko”

 

Vitoria-Gasteiz, 2020/10/19

 Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak, gaur, Hana Jalloul Migrazioen estatuko idazkariari eta Denis Itxaso Gobernuak Euskadin duen ordezkariari hiru ideiaren berri eman die, migrazio-fluxuak eta gazte migratzaileekin jarduteko programak aztertzeko izan duen bileran. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak migratzaileen egoera erregularizatzeko ideia nabarmendu du, “lan egin ahal izateko eta, hala, beren bizitza-proiektuei aurre egin ahal izateko; errefuxiatuen eta nazioarteko babesaren eskatzaileen harrera- eta integrazio-politiken transferentziarekin amaitzeko eskatu du, eta Euskadik Estatuko eta Europako erakundeei migrazio-arloan dauden beharrei erantzun hobea eman ahal izateko azaldu dien SHARE proposamena ekarri du gogora.

Batzarrean parte hartu duten euskal erakunde guztiek: Jaurlaritza, hiru Foru Aldundiak eta Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Irungo Udalak, euren egoera azaldu dute eta gogorapen berdina eraman dute: lan baimenik gabeko etorkinen arazoa.

Hori horrela, eta erantzukizunak partekatzeko konpromisoa izanik, sailburuak duela aste batzuk José Luis Escrivá Espainiako Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako ministroari bidali zion gutuna ekarri du gogora; haren bidez, Euskadi eskaini zion Moriako kanpamenduan zeuden pertsonak hartzeko eta, horretarako, proposamen gisa, SHARE mekanismoa aktibatzeko.

Ekimen hori, Europako eremuan eta zeharka, mota guztietako migratzaileak hartzeko eta integratzeko ahalegina lurraldeetan banatzeko gakoa adostean datza.

Artolazabalek azaldu du erronka “aniztasuna herritartasunari dagokionez kudeatzea” dela; kudeaketa horrek kontuan izan behar ditu pertsona guztiek maila berean egoteko dauzkaten eskubideak, eta, ondorioz, “kulturartekotasunaren inguruan aniztasunarekiko errespetuaren ondoriozko euskal kultura berria” eraiki beharko dela.

Berdintasuneko Sailburuaren iritziz, Euskadira bizitzen datozen pertsonak integratzeko eta haien erabateko partaidetzarako, “mekanismo errazak antolatu behar dira, migratzaileen administrazio-egoera erregularizatu ahal izateko, lan egin, ekarpena egin eta beren bizitza-proiektua antolatu ahal izateko”.

Eta “gaur egungo eta etorkizuneko euskal gizarte berdinzalea”ren alde agertu da; “berdinzalea herritarren eskubideetara jotzeko aukeran, alegia pertsona guztien aukera-berdintasunerako bide emango duen gizartea, kohesionatuagoa eta babesgabeenekin solidarioagoa, eta, hala, aniztasuna errespetatzen duena”.

Bilera Espainiako Gobernuak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan izan da, eta, bertan, hiru aldundietako gizarte-politiketako eta inklusioko sailetako foru-diputatuek ere parte hartu dute, bai eta Vitoria-Gasteizko, Bilboko, Donostia-San Sebastiángo eta Irungo alkateek ere.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak