Elkarlan Sariak
Berriak Hezkuntza
qrcode

180.000 euroko laguntza Materials Physics Center (MPC) ikerketa zentroari, teknologia kuantikoen ikerketa indartzeko (Gobernu Bilera 2020-10-20)

2020-10-20

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuak proposatuta, gaurko bileran onartu du 180.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea Materials Physics Center (MPC) ikerketa zentroari, teknologia kuantikoen ikerketa indartzeko lanean jarrai dezan.

MPCren Nanofotonika Kuantikoko Laborategia 2018an abiatu zen optika kuantikoaren eta nanofotonikoaren arteko interfazean esperimentuak egiteko. Teknologia kuantikoak aztertzen dituen Euskadiko lehen talde esperimentala da hau. Taldeak teknika esperimentalak garatzen ditu nanoegituren neurketa ultrazehatzak egiteko teknologia kuantikoak erabiliz, eta kuantikoki hobetutako sentsore inertzial eta magnetiko berriak egiteko.

Bi urte baino gutxiagoko ibilbidean, MPCk teknologia kuantikoetan punta-puntako laborategi bat garatzea lortu du, nazioarteko enpresa handien arreta Euskadin garatzen den ikerketara erakarri duena. Laborategia, gainera, Teknologia Kuantikoetan eta mikroskopia optikoko zein pintza optikoetako ikerketan diharduten ikertzaileentzat tresna bihurtzen ari da.

Laguntza honen helburua proiektu hauek garatzea da: nanopartikulekin elkarreragiteko argi-iturri kuantikoak garatzea; tenperatura kriogenikoetan hoztutako nanopartikulen espektroskopia modala; bi fotoiko mikroskopia sistema; pintza optikoen plataforma; eta optikoki lebitatutako partikulen kontrol kuantikoa.

Materials Physics Center

Donostian egoitza duela, Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentro (BERC) bat da MPC –Hezkuntza Sailaren mendekoa-, eta material aurreratuei buruzko abangoardiako oinarrizko ikerketa sustatzea du helburu, bai eta kualifikazio handiko zientzialari-talde berriak sortzea ere, materialen zientziaren ikerketan bikaintasunaren erronkei aurre egin ahal izateko. Bere ikerketa jarduera lau lerro nagusitan banatzen da: Fotonika; Polimeroak eta Materia biguna; Material Konplexuen Fisika Kimikoa; eta Propietate elektronikoak nanoeskalan.

Oinarrizko Ikerketako eta Bikaintasuneko Euskal Zentroak (Basque Excellence Research Centres-BERC) ezagutza sortzeko egiturak dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren interes zientifikoko eremuetan, eta ikerketa-bikaintasuna dute ezaugarri. Erakunde horiek euskal unibertsitate-sistemaren eta Euskadin egindako ikerketa zientifiko osoaren aitzindari izateko asmoz sortu ziren, eta mundu osoan zehar dauden zentroekin lotutako Europako ezagutza-nodo gisa jardun behar dute.

Bikaintasun-zentroek egiten duten ikerketari emaniko bultzadak euskal politika zientifikoa lagunduko du, bai eta Espezializazio Adimendunerako eskualdeko ikerketa- eta berrikuntza-estrategiak ere. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berrian (Euskadi 2030 ZTBP) ezarritako erronka berriak gainditzen ere lagunduko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko