Eusko Jaurlaritzak baimendu egin du Euskadiko 2020rako Aurrekontuen Legean ezarritako zorpetze-ahalmena aldatzeko Legearen Aurreproiektua (Gobernu Bilera 2020-10-20)

2020-10-20

Gobernu Kontseiluak baimendu egin du Eusko Jaurlaritzaren zorpetze-ahalmena handitzeko aukera, EAEko 2020rako aurrekontu orokorretan ezarritako zorpetze-ahalmena aldatu ahal izateko legearen aurreproiektua onartzearen bidez. Aurrekontu horiek epe luzerako zorpetzeari dagokionez landu eta onartu ziren, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak joan den martxoaren 11n lortutako akordioei jarraikiz. Akordio horietan, Autonomia Erkidegoko BPGaren % 0,0a finkatu zen 2020ko ekitaldirako defizit-helburu gisa. Aurreikusitakoaren arabera, aurreproiektu hori urriaren amaieran onartuko da Eusko Legebiltzarrean.

 Aurrekontu-egonkortasunaren helburu hori bat zetorren Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa-ahalmenarekin, baina, hala ere, COVID-19 koronabirusak eragindako nazioarteko pandemiak sortutako osasun- eta ekonomia-krisiaren ondorioz, gastu handiagoa egin behar izan da pandemiak bereziki kaltetutako zerbitzuetan, eta txikiagoa izan da zerga itunduen bilketa.

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak zerga itunduen bilketari dagokionez joan den urriaren 15ean onartutako 2020rako itxiera-aurreikuspenak 13.411 M/€-tan geratu dira, hau da, 2.356 M/€-ko murrizketa bat izan da hasieran zenbatetsitakoekin alderatuta. Horren ondorioz, aurreikusitakoaren arabera, Foru Aldundien ekarpenak 8.930 M/€ izango dira, hau da, ekitaldiaren hasieran aurreikusitakoak baino 1.544 M/€ gutxiago.

 Irailaren 30eko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2020rako defizit- eta zor-helburuak BPGren % 2,6 eta % 16,3 dira, hurrenez hurren (bi ehunekoak erreferentziazko tasak dira, 2020-2021 aldirako zerga-arauak bertan behera geratu baitira). Beraz, une honetan koherenteak izan behar dugu deskribatutako egoera berriarekin, gastu handiagoei eta diru-sarrera txikiagoei aurre egiteko eta euskal ekonomiaren susperraldia eta dinamizazioa bultzatzeko. Egonkortasun-helburu berriak 1.726 M/€-ko finantzaketa-beharra ahalbidetzen du. Hala ere, konpentsatu behar izan diren superabitak eta finantza-eragiketak zenbatuta, zorpetze-mugaren zabalkuntza garbia 1.546 M/€-ra irits liteke.

 Zorpetze-eragiketen kargurako finantzaketa handiago hori eta horren ondoriozko epe luzerako zorraren gehikuntza bere gain har daitezke, Euskal Autonomia Erkidegoko finantza- eta kaudimen-egoera kontuan hartuta, BPGarekiko zor publikoaren maila Espainiako Estatuko autonomia-erkidego guztietako txikienen artean baitago.

2 iruzkin
  • 2020-10-20

    Diru-bilketarako gaitasuna sortu, krisiaren gaineko krisia baitator, murrizketek zor jasanezina dirudite.

  • 2020-10-20

    Generar capacidad recaudatoria ya que viene crisis sobre crisis, los recortes parecen inevitables deuda insoportable.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko