Lurzorua babesteko Estrategia 2030. Ondorioak

2020.eko urriak 19

Lurzoruaren babesak gero eta garrantzi handiago hartu du azken aldi honetan, eta, horri lotuta, nabaria da baliabide horren kudeaketa integralaren eredurantz aurrera egiteko borondatea. Bada, horrek agerian uzten du beharrezkoa dela administrazioaren eta mundu pribatu eta sozialaren hainbat eragile inplikatzea eta haien erantzunkidetasuna lortzea, gure inguruneko lurzoruen kontserbazioa eta berreskurapena lortzeko xedez, aukeran dauden ikuspegi guztiak kontuan hartuta.

Horregatik Euskadiko lurzorua babesteko 2030erako Estrategia lankidetzan lantzen ari da baliabide horren kudeaketarekin zerikusia duten eragile guztiekin, honako helburu hauek lortu nahi dituen prozesu baten bitartez:

  • Parte hartzen duten eragileek lurzoruaren babesarekin duten harremana eta lotura ezagutzea.
  • Parte-hartzaile bakoitzak egoeraz egiten duen diagnostikoaren inguruko ideia kualitatibo bat izatea.
  • Eragile bakoitzaren eskariak, iradokizunak eta ekarpenak jasotzea.
  • 2025erako Ekintza Planean integratu daitezkeen ekintzak eta lehentasunak identifikatzea.
  • Etorkizunerako egon daitezkeen lan-arlo berriak identifikatzea.
  • Parte-hartzaileak erronken lorpenarekin konprometitzea eta haien erantzunkidetasuna lortzea, lan konpartituaren beharra aitortzearen bidez.

Gaur egun, estrategiaren lehenengo zirriborroa dago eskuragarri. Berau parte-hartzearen ikuspuntutik landu da, faseen eskema bati jarraituz, eta horrek ahalbidetu du hurbilpen bat egitea eta beraren bidez aukeren mapa bat eta garatu daitezkeen ekintzen banku bat sortzea. Helburu hori lortu ahal izan da jarraian modu laburrean deskribatzen diren ekintzei esker.

  1. FASEA. Estrategiaren oinarriak lantzea. Lurzorua babesteko estrategiaren oinarriak zein izan beharko liratekeen identifikatzeko erabili diren tresnak honako hauek izan dira:
  • Elkarrizketa pertsonalak, presentzialak eta erdiegituratuak, galdera irekiez osatutako gidoi bat erabiliz. Horiek baliagarriak izan dira funtsezko gaiei heltzeko eta elkarrizketa bakoitzean modu espontaneoan agertutako beste gai batzuk jorratzeko.

 

  • Taldekako lan-saioak, foku-taldeen teknikaren bidez antolatuak. 8-10 parte-hartzaile bildu zituzten, gidoi batez baliatuz, eta haien bitartez diagnostikoaren elementu nuklearrak identifikatu ahal izan dira, eta jakin ahal izan da zer-nolako ikusmoldea duten eragileek esku-hartze publikoak lurzoruaren babesaren eremuan egin beharko lukeenaz.

Guztira, parte-hartze prozesu horretan administrazioaren, eremu akademikoaren eta ezagutzaren alorreko berrogeita hamar pertsona inguruk parte hartu zuten.

Prozesu horren konklusio nagusien artean, azpimarratzekoa da beharrezkotzat jotzen dela aurrera egiteko era aldatzea, zeren lurzoruaren babesaren helburuak lan konpartitu eta kolaboratiboaren bidez soilik lortu ahal izango baitira. Lurzoruak badu presentzia gobernuaren askotariko jardueretan eta beste administrazio publiko, erakunde eta interes-talde batzuen jardueretan. Horregatik, estrategia horren hasierako lanak ordenatzera, egituratzera eta koordinatzera zuzendu beharko lirateke, elkarlotura horri zentzua emateko. Egin beharreko bidea luzea da eta ikuspegia handinahia, baina instituzioek eta euskal gizarteak lehenesten dituzten egiturek eta lan-eredu bateratuek ahalbidetzen dute eszenario berri horretarantz irmotasunez jarraitzea.

  1. FASEA. Estrategiaren lehenengo zirriborroa prestatzea. Oraingo unera iristeko, eta lehenengo fasean landutako konklusio eta materialak abiapuntutzat hartuta, lana batzorde teknikoak osatzen duen nukleoaren inguruan garatu da. Hasieran Eusko Jaurlaritzako Sail batzuetako ordezkari teknikoz osatutako batzorde hori funtsezkoa izan da estrategiaren lehenengo zirriborroa prestatzeko lanean, eta, zehazkiago, 2025erako Ekintza-planean sartu beharreko jardunbide eta ekintzen identifikazioan. Zehazki, batzorde teknikoak lanaren fase honetan bere gain hartu dituen zereginak honako hauek izan dira:
  • Euskadiko abiapuntuko egoeraren aurretiko diagnostikoa berraztertzea, antzematen diren mehatxuei lotuta, horren bidez testuingurua ezartzeko eta lehenengo lehentasunak definitzeko.
  • Lurzoruren kudeaketa jasangarria Euskadin baldintzatzen duten ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak (AMIA) identifikatzea eta aztertzea.
  • 2025erako ekintza-planaren helburuak eta planaren zati gisa gauzatu beharreko jardunbideak eta ekintzak identifikatzea eta lehenestea.

 

Horrez gain, IREKIA plataforma hau erabili da gizarte osoa estrategia lantzeko prozesuan parte hartzera gonbidetzeko. Jasotako proposamenak berraztertu dira, eta egiaztatu da horiek guztiek berresten dituztela lehenengo zirriborroan identifikatuta geratu ziren gai garrantzitsuak. IREKIAren bitartez jaso diren ekarpenen artean, honako hauek aipa daitezke: higadura edo zigilatzea lehentasunezko mehatxu gisa identifikatzea; nekazaritzako lurzoruak eta lurzoru naturalak babesteko beharra; lurzoru antropizatuen berrerabilpena, lurzoru birjinen eraldaketa saihesteko; administrazioen arteko koordinazioa; eta politiken integrazioa.

 

Ekintza horien guztien osagarri gisa, topaketa bat egin zen (200 pertsona inguruk parte hartu zuten), hurrenez hurren aurkezpen-jardunaldi batean eta mahai-inguru batean;  “Lurzoruaren erabilera klima-larrialdiaren eta trantsizio ekologikoaren aurrean” izenburupean, jardunaldiak baliagarriak izan ziren lantze eta parte-hartze prozesua komunikatzeko prozesua hasteko, interesatu guztiei zuzendutako deialdi ireki baten bitartez.

 

III. FASEA. Lurzorua babesteko estrategiara zuzendutako adostasuna

Une honetan hirugarren etapa hasi da. Bertan, beste ekintza batzuen artean, batzorde teknikoa osatu egingo da beste administrazio batzuetako ordezkariekin, hala nola Udal eta Foru Aldundietakoekin. Horrekin batera, aldagai politikoa txertatuko da erabakiak hartzeko, bai estrategiaren irismenari dagokionez eta bai datozen bost urteetan garatu beharreko ekintzei dagokienez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan