Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuari elkarrizketa, Euskadi Irratian

2020-10-19

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Euskadi Irratiko Faktoria saioan azaldu duenez, eskolak toki seguruak direla erakusten ari dira pandemia garai honetan. Gizartean, oro har, positiboek gora egin ahala datu horiek geletan isla izaten dutela aitortu arren, gogorarazi du ikasturte hasieran baino gela gutxiago daudela bakartuta uneotan: 116 gela orotara 84 ikastetxetan, Euskadiko ikasgela guztien %0,66 (urriaren 16ko datua).

Gai horri loturik, ikasturte honetarako aurrez aurreko eskolei eustea dela lehentasuna azaldu du Bildarratzek, hezkuntzako eragile guztiek azaldu duten eran. “Hezkuntzak bermatzen duelako ekidadea, berdintasuna” baieztatu du. Dena den, bestelako aukerarik aurreikusten ote den galdetuta, sailburuak aurreratu du Hezkuntza Saila balizko konfinamendu baten aurrean erantzun ahal izateko digitalizazioa ere aztertzen ari dela, eskolaz eskola egoera zein den ikusirik. Hezkuntza Saila horretarako pilotajea azaroan egitea aztertzen ari dela argitu du sailburuak, lehentasuna prensentzialtasunean dagoela berretsiz.

Sindikatuekiko harremanaz galdetuta, berriz, bileretarako datak jarriak daudela azaldu du sailburuak, baina gai honetan Hezkuntza Sailaren aldetik diskrezioa izango dela nagusi nabarmendu du, beharrezkoa baita elementu hori adostasunak lortu ahal izateko.  

D eredua (hau da, eskolak euskara hutsean ematen dituen eredua) sakon aztertu beharraz Euskadiko Eskola Kontseiluak luzaturiko eskaera ere hizpide izan da elkarrizketan. Jokin Bildarratzek gogorarazi du gaur egun ikasleen %80 baino gehiago matrikulatzen direla eredu honetan, eta oso emaitza onak eman dituela. Ereduak aztertzeko edo horien gaineko gogoeta egiteko prest azaltzearekin batera, aintzat hartu beharreko hainbat puntu ere nabarmendu nahi izan ditu: batetik, duela hamarkada batzuk D ereduak nagusiki familia euskaldunetako ikasleak hartzen bazituen ere, gaur egun askotariko jatorria duten ikasleak matrikulatzen direla eredu honetan; eta bestetik, ikasleak oro har –eta urte guztia kontuan harturik- bere denboraren %15 inguru pasatzen duela ikastetxean. Beraz, euskarari dagokionez, eskolaz kanpo ere lan egin beharraren garrantziaz ohartarazi du Bildarratzek, betiere egindako lana balioetsiko duen mezu positibotik abiatuta.

Amaitzeko, legealdirako erronka nagusien artean Hezkuntza Hitzarmena lortzea nabarmendu du, “oinarri-oinarrizko elementua”. Hitzarmen horretarako, bi gako azpimarratu ditu: zorroztasuna eta erantzukidetasuna, horretarako hezkuntza-eragile guztien lana beharrezko izango delarik.

Iruzkin bat
  • 2020-10-19

    Según tengo entendido por protocolo si en una clase se da un positivo se pondrá en cuarentena a los de esa aula. Porque entonces no se hace para los 25 y solo al delante,al de atrás ,el de la izquierda y derecha. Si cuando salen al recreo no se pueden menear de el cuadrado y estan todos juntos . Me puede dar un explicación?. Los niñ@s tienen familia ,muchos de esos niños estan atendidos por sus aitites porque sus padres trabajan.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak