@EkoGarapena bost herri-helbururen buru izango da, sektore-politika guztietan ingurumenaren zaintza eta lehiakortasuna sustatuz ekonomia eta enplegua suspertzeko

2020.eko urriak 23
  • Existitzen den produkzio-egitura indartzearen aldeko apustua egin du Tapiak eta hiru trantsizio nagusien inguruan —energia- eta klima-trantsizioa, trantsizio teknologikoa eta digitala, eta trantsizio soziosanitarioa— sortzen diren aukerak aprobetxatuz
  • Erronken artean azpimarratzekoak dira Energia Trantsizioko eta Klima Aldaketako Legea, I+G+b arloan % 6 inbertitzeko apustuari eustea edo Enpresa Ertain eta Txikiak batez ere kontuan hartuz enpresei laguntzak ematea
  • Berotegi-efektuko gasen murrizketa, ekonomia zirkularra sustatzea eta Bioekonomia izango dira klimaren aldeko ekintzaren eta hondakinen kudeaketaren ardatz

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ditu, bere sozietateekin batera, legealdi honetan jorratuko dituen gobernu-printzipioak, jarduketa-ardatzak, helburuak eta proiektu nagusiak. Honako eginkizun hau izango dute:

Enplegua sortzeko suspertze ekonomikoa areagotzea, eraldaketa digitala, ekologikoa eta soziosanitarioa egitura produktiboaren lehiakortasuna indartzeko aukera gisa onartuz, eta ingurumeneko irizpideak sektore-politika guztietan integratzea, ez baldintzatzaile gisa, baizik eta balioa handitzeko lehiaketa-faktore gisa.

Arantxa Tapia buru duen sailak bere gain hartuko ditu Iñigo Urkullu lehendakariak datozen lau urteetarako ezarri dituen Herri-gobernuaren hamar helburuetako bost:

  • Langabezia % 10etik behera murriztea.
  • Industrian eta zerbitzu aurreratuetan BPGd-aren % 40 gainditzea
  • I+Gn bateratasuna lortzea Europako batez bestekoarekin
  • % 30 murriztea berotegi-efektuko gasen emisioa.
  • Energia berriztagarrien kuota energiaren amaierako kontsumoaren % 20 izatea lortzea.

Arantxa Tapiak Legebiltzarreko taldeei azaldu die lan hori nola gauzatuko duten. Helburua da “existitzen den produkzio-egitura indartzea eta hiru trantsizio nagusien inguruan —energia- eta klima-trantsizioa, trantsizio teknologikoa eta digitala, eta trantsizio soziosanitarioa— sortzen diren aukerak aprobetxatzea”.

Energia Trantsizioko eta Klima Aldaketako Legea, I+G+b arloan % 6 inbertitzeko apustuari eustea edo Enpresa Ertain eta Txikiak batez ere kontuan hartuz enpresei laguntzak ematea erronka garrantzitsuak izango dira. Bertan jada lanean ari da lau sailburuordetzen eta zortzi erakunderen inguruan egituratutako talde bat:

  • Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuna
  • Industria
  • Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politika
  • Jasangarritasuna eta Ingurumena
  • SPRI Taldea (BTI – Arrisku Kapitala – Sprilur- Parke Teknologikoak)
  • EEE
  • Neiker
  • HAZI Fundazioa
  • ELIKA
  • IHOBE
  • URA Agentzia
  • EKP Euskadiko Kirol Portuak

Gobernu-helburuak bete ahal izateko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak lan egingo du enpresa-ehunari azpiegitura berriak —ukigarriak eta ukiezinak— emateko, adibidez, Data Center, Adimen Artifizialeko Zentroa edo 5G sarea.

Euskadi 2030 Lurralde Plan Sektorial berriak, Jasangarritasunari buruzko Legearen garapenak eta Energia Trantsizioko eta Klima Aldaketako lege berriak energia berriztagarrien iturriak areagotzen lagunduko dute, fracking gabeko Euskadin, eta gasa trantsizioko energia gisa mantenduz.

Berotegi-efektuko gasen murrizketa, ekonomia zirkularra sustatzea eta Bioekonomia izango dira klimaren aldeko ekintzaren eta hondakinen kudeaketaren ardatz; hala, adibidez, industria-hondakinen zentro publiko berria sortzea oso garrantzitsua izango da legealdi honetan.

Euskadin elikagaien ekoizpena handitzea izango da legealdiko beste helburuetako bat, lehen sektorea eta elikaduraren tokiko katea sustatuz, eta lurralde-oreka handiagoa bermatzea, landa eta itsasertzeko nukleoetan bizi diren eta lan egiten duten pertsonei bizi-kalitatea eskainiz.

Genero-ikuspegia eta aukera-berdintasuna lan-arlo guztietan agertuko dira: teknologiaren arloan, industriaren arloan eta lehen sektorean. Premiazkoa da emakumeak sektore guztietan duen eginkizuna txertatzea eta ikusaraztea.

 

2 iruzkin
  • 2020.eko urriak 25

    Erosketa jasangarriko kalkulagailu gehiago egin, eskaintza eta joan-etorriak kontuan hartuta. Hurbil merkea egon daiteke, eta berdin ordaindu, ingurumen-inpaktuarekin urrunago joanda.

  • 2020.eko urriak 25

    Hacer más calculadoras de compra sostenible teniendo en cuenta la oferta y los desplazamientos. Puede haber barato cerca y pagar lo mismo yendo más lejos con impacto ambiental.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak