Idoia Mendia lehendakariordeak kalitatezko enplegua lortzeko dekalogoa aurkeztu du Legebiltzarrean

2020-10-16

Idoia Mendia lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburuak dekalogo bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Dekalogo horrek legealdiko jarduera-gida markatuko du kalitatezko enplegua sortzea lortzeko. Sailaren helburu hori zeharkakoa da Jaurlaritza osoarentzat.

Legebiltzarreko interpelazio bati emandako erantzunean, lehendakariordeak enpleguari eragiten dioten azken datuen azterketa errealista egin du, "Triunfalismoetatik eta katastrofismoetatik urrun", eta nabarmendu du garrantzi handia izan dutela gaur egun pandemiaren hasieran arriskuan zeuden lanpostuen % 96 arte mantentzeko ERTEak bezalako tresnek.

Mendiak bere Sailaren konpromiso batzuk ere errepasatu ditu, joan den asteazkenean Batzordean egindako agerraldian azaldu zituenak, eta kalitatezko enplegua lortzeko tresnak hamar puntutan laburbildu ditu.

  1. Erakundeek erabakitako inbertsioa: 13.250 milioi Eusko Jaurlaritzarenak eta gainerako euskal erakundeekin hitzartutako konpromisoak, zuek ezagutzen dituzuenak eta berriro zehaztuko ez dizkizuedanak
  2. Berrikuntza, une berri batean gaudelako, eta erantzun berriak behar dituelako horri aurre egiteko.
  3. Berdintasuna, gizon eta emakumeen, gazteen eta 45 urtetik gorakoen artean, kalitatezko enplegua lortzeko.
  4. Elkarrizketa soziala eta enplegu-politika publikoak adostea, eraginkorrak direla erakusten ari delako.
  5. Lan-osasuna, ez dagoelako enplegu egokirik langileen osasunerako bermerik gabe. Datorren urtean indarrean sartuko da ezbehar-tasa erdira murrizteko estrategia berria.
  6. Lan-ikuskapena indartzea, hain zuzen ere kontratuen kalitatea kaltetzen duten iruzurrezko kontratuak murrizten jarraitzeko
  7. Euskal enplegu-sistema publikoa eraldatzea, Lanbide tresna erabilgarria izan dadin langileak prestatzeko, aktiboak zein landunak izan. Inor ez dadin atzean geratu gure enpresen eraldaketa-prozesuetan. 
  1. 2030erako enplegu-estrategia berria, begirada luzearekin eta herrialde-ikuspegiarekin. Eta bertan eragile sozial eta ekonomiko guztiek eta erakunde guztiek parte hartuko dute.
  2. Erakundeen arteko lankidetza, gainjartzeak eta eraginkortasunik ezak saihesteko.
  3. Eta egonkortasun eta lasaitasun politikoa. Herrialde inbertsio izugarria, hainbestetan ahazten dena.

Lehendakariordeak gogorarazi duenez, "Gobernuek ez dute enplegua sortzen, hori posible egiten duten baldintzak baizik", eta baldintza horien artean "lasaitasuna" dago. "Gaur Euskadi aukera eraldatzaile handiak aprobetxatzeko lurralde aproposa da, enplegua sortzeko lehen urratsa baitira. Eta hori horrela da urte batzuk daramatzagulako Eusko Jaurlaritza zentratuta dagoela garrantzian, egunerokotasunean, ziurtasunak eta konfiantza ematen. Guztiak izan nahi genituzke agertoki horren alde. ", gaineratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak