Eider Rodriguez eta Lander Garro izan dira aurtengo Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza Sariaren irabazleak

2020.eko urriak 16

- Rodriguezen Bihotz Handiegia ipuin bildumaren gaztelerarako itzulpenarengatik suertatu dira garaile; itzulpena Literatura Random House argitaletxeak atera du.

- Itzultzaileek eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute; eta, horrez gain, 2.000 euro arteko laguntza jasoko dute argitalpen horien sustapenerako.

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza sariaren seigarren edizioan, Eider Rodriguez eta Lander Garro itzultzaileak suertatu dira garaile. Lan saritua, Rodriguezek berak idatzitako Bihotz Handiegia ipuin bildumaren gaztelerarako itzulpena izan da: Un corazón demasiado grande. Bartzelonan egoitza duen Literatura Random House etxeak, Penguin Random House Grupo Editorial taldearen parte denak, atera du obra hau argitara.

Aurtengo irabazleek gaur bertan jaso dute saria, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, antolatutako ekitaldi batean. Bertan izan da Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta hala adierazi du sari honen garrantzia, Bernat Etxepareren hitzak gogora ekarriz: “Liburuak etxekoen plazara ez ezik, mundura jalgiko badira, ezinbestekoa da itzulpengintza. Beste hizkuntza batzuen plazara iristeko modua posible egitea. Eider Rodriguezek eta Lander Garrok bikain burutu dute itzulpen-lan hori, lankidetza eraginkorrean, Eider beraren Bihotz handiegia ipuin bilduma gaztelerara itzuliz”.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak ere, bertan izan denak, hitz batzuk eskaini ditu sari honen helburuaren inguruan: “Finean, sari honek euskarazko lanen itzulpengintza eta argitaratzea sustatzea du xede, itzulpengintzak ezinbesteko zubigintza lana egiten duelako gure literaturaren eta munduko irakurleen, munduko beste kulturen artean”.

Saria nori eman erabakitzeko orduan, epaimahaiak itzulpenaren kalitatea izan du kontuan, baita argitaletxeak egin duen sustapen lana ere. Hein batean auto-itzulpena izanagatik ere, epaimahaiak adierazi duenez, “itzulpena ona da eta idazleak ez du aukera aprobetxatu beste bertsio bat egiteko”. Izan ere, itzulpena jatorrizko obrarekiko leiala dela azaldu dute, ez baitute “aldentzerik nabaritu”. Argitaletxearen garrantziak ere paper garrantzitsua izan du obraren sustapen plangintzan; epaimahaiak plan hori trinkoa eta aberatsa izan dela argudiatu baitu.

Sariaren seigarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Inaxio Garro, Euskara arduraduna LABORAL Kutxan; Garbiñe Iztueta, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendaria; Koldo Biguri, EHUko irakasle eta EIZIEko kidea (Euskarazko Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea); Elizabete Manterola, UPV/EHUko irakasle eta EIZIEko kidea; Kizkitza Galartza, Etxepare Euskal Institutuko Literatura Teknikaria, eta Lide Hernando, Etxepare Euskal Institutuko Komunikazio teknikaria.

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria

Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sari honek sarritan ezkutuan gelditu ohi den itzultzaileen lana nabarmendu eta lehen lerroan jartzea du xede.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2019. urtean zehar argitaratutakoa izatea, aurtengo edizioaren kasuan.

4.000 euroko sari bakarra ematen da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu dezaten. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.

Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan-ildoekin bat egiten du. Literaturaren alorrean, itzulpenak egiteko diru-laguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia-poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du. Halaber, sari honen bitartez LABORAL Kutxak euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa berresten du.

Eider Rodriguez eta Lander Garro

Eider Rodriguezek (Errenteria, 1977) publizitatea eta zinegintza ikasi zituen, baina kazetaritzan eta, batik bat, literaturan egin ditu bere ibilbide profesionaleko urte gehienak. The Balde, Oarsoaldeko Hitza, eta Hitzak eta ideiak argitalpenetan kolaboratzaile izan da, eta egun irakasle da UPV/EHUn.

Bere obra ipuin edo kontakizun laburretan oinarritu da gehien bat. 2004an Eta handik gutxira gaur argitaratu zuen; 2007an, Haragia; 2010an Katu jendea (Igartza Saria irabaztera eraman zuen obra) eta, 2017an, Bihotz Handiegia. Azken honekin Euskadi Literatura Saria irabazi zuen 2018an. Saiakera eta haurrentzako literatura ere garatu ditu Rodriguezek, eta bere obretako batzuk berak zuzenean itzuli ditu gaztelerara. Horietako bat da Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Sariaren merezimenduzkoa izan den Bihotz Handiegia obraren itzulpena.

Lander Garrok ere (Errenteria, 1975) beste hainbat ofizio ditu itzultzaile izateaz gain. Kazetaria, idazlea, argazkilaria, ikus-entzunezko lanen errealizatzailea eta gidoilaria ere bada. Literaturan narrazioa, saiakera eta itzulpengintza jorratu ditu, baita hainbat obraren diseinu lanak egin ere. Ikus-entzunezkoen atalean, Tumatxak bezalako telebista saio batzuetarako gidoilari lanetan aritu da Garro. Halaber, hainbat ikus-entzunezko piezaren zuzendari ere bada; bere azken lana, Bi urte, lau hilabete eta egun bat izeneko intsumisioari buruzko dokumentala da.

Literatura Random House

Egun Literatura Random House izenez ezagutzen den argitaletxea 1987an iritsi zen Bartzelonara, jatorri italiarra zuen Mondadori izenez; eta Kataluniako Grijalbo konpainiarekin fusionatu zen, Grijalbo-Mondadori izena hartuz. 2001ean sartu zen Penguin Random House Grupo Editorial izenarekin ezagutzen den taldera eta, 2014an, berrantolaketa baten ondorioz, Grijalbo-Mondadori konpainiak Literatura Random House izena hartu zuen. Katalogoan hainbat Nobel saridun ditu (Gabriel García Marquez, J. M. Coetzee edota Orhan Pamuk, esaterako), baita bestelako saridun ugari ere, besteak beste, Javier Cercas, Cormac McCarthy, Junot Díaz eta Salman Rushdie. Adin guztietako irakurleentzako eta formatu guztietako liburuak kaleratzen ditu, Espainian, Portugalen, Hego Amerikan eta Estatu Batuetan.

Aurreko urteetako irabazleak:

2019

Ainara Munt eta Pol·len edicions

Hilda dago poesia? (Joseba Sarrionandia)

Poesia

Katalana

 

2018

Amaia Gabantxo eta Center for Basque Studies

Harri eta Herri eta Maldan Behera (Gabriel Aresti)

Poesia

Ingelesa

 

2017

Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko

Behi euskaldun baten memoriak (Bernado Atxaga)

Eleberria

Ukrainera

 

2016

Nami Kaneko eta Hakusuisha argitaletxea

Mussche (Kirmen Uribe)

Eleberria

Japoniera

 

2015

Isaac Xubín eta Kalandraka argitaletxea

Tempo de exilio (Joseba Sarrionandia)

Poesia antologia

Galegoa

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak