Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Joaquin Beltran bilatzeko operatiboa 'eremu beroan' sartu da

2020-10-15

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriak 15

• B1-A eta B4-S lehentasunezko bi bilaketa-eremu dira, eta horietan 100.000 metro kubiko lur eta hondakin aterako, aztertuko eta egiaztatuko dira

Gaur goizeko lehenengo orduan hasi da Joaquín Beltrán bilatzeko operatiboaren fase berria, eta jada ari dira lurra eta hondakinak ateratzen eta aztertzen “eremu beroa” deitu den aldean, Joaquín Beltrán azkeneko aldiz ikusi zuten lekuan.

Segurtasun Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak elkarrekin diseinatu duten eta bi sailon arduradunek, Josu Erkorekak eta Arantxa Tapiak, aurkeztu zuten dispositiboa B1-A eremura iritsi da. Lehentasunezkotzat jo den eremua da, eta bertan 15.000 metro kubiko material eta hondakin ateratzea eta aztertzea aurreikusten da. Lanak egiteko bizpahiru aste beharko dituzte, baldintza meteorologikoek aukera ematen badute.

B1-A eremuko lanek emaitzarik lortzen ez badute, B4-S eremuan jarraituko dute bilaketa-lanetan, Joaquín Beltrán eremu horretan aurkitzeko probabilitatea handia baita. Eremu horretan 80.000 metro kubiko lur eta hondakin aztertu beharko dira. Lanak urtearen amaierara arte luza daitezkeela uste da.


BILAKETARAKO BALIABIDEAK

Bilaketa-lan hauetan larrialdietako eta Ertzaintzako baliabideek parte hartzen dute. Bertan, egunero eta etenik gabe, SOS-DEIAK zerbitzuko esku-hartze ataleko teknikari batek lan egiten du, eta bera arduratzen da operatiboa koordinatzeaz.

Ateratzen, aztertzen eta husten den materiala zehatz-mehatz aztertzen dute Ertzaintzako Brigada Mugikorreko 15-20 bat ertzainek, eta Inteligentzia Bulego Nagusiaren laguntza teknikoa dute.

Arrastoren bat aurkitzen denerako berehala jarduteko protokolo zorrotz bat dago ezarrita, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitatea mobilizatzea inplikatzen duena.

Ingurumen Taldeko teknikariek polizia judizial gisa jarduten dute, epailearen errekerimenduak betez.

Horrez gainera, etxola aurrefabrikatu bat instalatu da, eta bertan utziko lirateke aurkituko liratekeen gorpuzkiak, beharrezkoa den proba zientifikoa edo forentsea egiteko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)