Pedro Azpiazuk Euskadiren berreraikuntza ekonomikoa eta soziala ezarri du XII. legealdiko helburu nagusi gisa

2020.eko urriak 21

 

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ditu bere sailaren jarduera-ildo nagusiak, Euskadiren berreraikuntza ekonomiko eta soziala ardatz izango duen legegintzaldirako.

Hilabete eta erdi eskas honetan Eusko Jaurlaritzak izan duen ibilbidearen berri eman du Azpiazuk:

  1. Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa –irailaren 30ean–.
  2. 2021eko Aurrekontuen jarraibide ekonomikoen onarpena –urriaren 6an–.
  3. Herri Dirubideen Euskal Kontseilua –urriaren 15ean–.
  4. Gobernu Kontseiluak Aurrekontuen Legea aldatzeko lege-proiektua onartu zuen, Jaurlaritzaren zorpetzea handitu ahal izateko -urriaren 20an-.

Ekonomia eta aurrekontu politikaren barruan, baliabide publikoak modu arduratsuan, jasangarrian eta gardenean kudeatuko dira, are gehiago gauden egoera ekonomikoan. 2021eko aurrekontuari dagokionez, Azpiazuk adierazi duenez, “datorren urteko aurrekontua pixka bat hedapenari begira egingo dugu, gastuan atzerapausorik eman barik eta planteamendu orokorrean ausardiaz jokatuz”.

Gainera, ahalik eta gehien zorpetzera eta austeritatea baztertzera deitu du, aurrean dauden gastuei murrizketa barik ekiteko, gastuaren arrazionaltasuna zainduz eta, urte batzuen ondoren, aurrekontu-egonkortasunaren eta zerga-finkapenaren bideari berriro heldu beharko zaiola ahaztu barik. “Zorra bai, baina buruarekin”, gaineratu du.

Gainera, hurrengo aurrekonturako proposamenak aurkezteko gonbita egin die Legebiltzarreko taldeei, baldin eta aurrekontuen jarraibideekin eta Eusko Jaurlaritzaren ekonomia- eta eskumen-esparruarekin bat badatoz.

Bere agerraldiaren beste alderdi aipagarri bat Sailak gauzatuko duen ekintza nagusia izango den finantza politikari buruzkoa izan da. Horrela, finantza politika enpleguaren, susperraldi ekonomikoaren, enpresak errotzearen eta berrikuntzaren eta gizarte-kohesioaren alde erabiltzeko konpromisoa hartu du, FINKATUZ Funts Publikoa ezarriz eta zabalduz, euskal enpresa handien errotzea eta horiek ekonomia sarean duten trakzio eragina bermatzeko. Horrekin batera, ETEen finantzaketan sakonduko da arrisku-kapitaleko funtsen bitartez, eta bonu jasangarriak jaulkiko dira.

Finantzen Euskal Institutuak funtsezko eginkizuna du, erakundea behin betiko arautuko duen lege proiektua diseinatuko baita; izan ere, “heldu da haren egungo erregulazioaren ordez araudi autonomoa eta bukatuagoa ezartzeko unea. Horren ondorioz, ingurune osoak izango dituen finantzaketa erakunde publikoa sortuko da. Politika publikoen eta administrazio honetako industria, enpresa eta korporazio tresnekin sinergian parte hartzeko politika publikoen zerbitzura egongo den erakundea izango da”.

Egitura-dekretuan jasotako beste eginkizunetako bat programa eta politika publikoak ebaluatzeko unitate bat sortzea da. Unitate horrek hauek aztertuko ditu: lortutako emaitzak, horien erabilgarritasuna eta eragina, eskainitako zerbitzuen kalitatea, desbideratzeak zuzentzen laguntzea eta baliabide publikoen kudeaketan ekonomiak bideratzea, proposatutako helburuen eta erabilitako bitartekoen arabera.

Bestalde, Next Generation EU programan berreskurapenerako eta erresilientziarako jasotzen diren Europako funtsei dagokienez, Sailaren egitura organikoaren barruan Euskadi Next programa diseinatzeko, planifikatzeko eta kudeatzeko euskarria emango da.

Ogasun, zerga eta erakundeen eta finantzen baliabide politikaren barruan Euskadiren eta Estatuaren arteko Ekonomia Ituna eguneratzeko egingo da lan, Euskal Erakundeen zerga-arloko autogobernua sendotzeko, itundutako zergetan arauak ezartzeko eta horiek erregulatzeko gaitasun handiagoak lortuz eta itundutakoak ez diren beste zerga batzuk ezartzeko aukera emanez. Hala, argitaratzen denetik hiru hilabeteko epean Zenbait Zerbitzu Digitalen gaineko Zerga eta Finantza Transakzioen gaineko Zerga hitzartu behar dira.

Beraz, beharrezkoa da beste jauzi kualitatibo bat adostea zerga-kudeaketarako gaitasun itunduan, eta, horretarako, izapidetze fasean dagoen beste zerga figura bat hartuko da kontuan: Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko Zerga, Ekonomia Ituna BEZ (M)OSS izenekoaren araubide berezi berrira egokitu beharra ahaztu barik.

Era berean, Euskadiren eta Espainiaren arteko finantza arloko harremanen araudiaren erregulazioa berritu behar da, eta, horretarako, 2022-2026 aldirako Kupoa zehazteko metodologiari buruzko bost urteko lege berria diseinatzeko eta onartzeko lanak sustatuko dira.

Azpiazuk indar osoz lan egiteko helburua aipatu du, Ekarpenen Lege berri baterako testua onartzeko, eta baita Zerga Koordinaziorako Organoan euskal zerga-sistema berrikusteko ere, baina egia da, baita ere, berriro nabarmendu duela orain ez dela unea.

Agerraldiaren amaieran, iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko eta kontratazio publikoa gizarte erantzukizunaren eta kalitatezko enpleguaren zerbitzura jartzeko konpromiso argia erakutsi du.

 

 

 

2020.10.21

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak