
Kontroleko osoko bilkura (2020/10/16)
Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.
Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Kutxabanken etorkizunari buruz.
Lehendakariak gogorarazi du ez dagokiola Eusko Jaurlaritzari erabakitzea une honetan Kutxabanken fusioa komeni den ala ez, baizik eta bere kudeaketa-organoei dagokiela erabaki hori hartzea. "Banku handiekin bat egiteko prozesuak ez dira alternatiba bakarra, eta ez du zertan etorkizuneko estrategiarako aukerarik onena izan. Kutxabankek bere ibilbide orria dauka, eta finantza erakundeari dagokio erabakitzea” , adierazi du.
Halaber, lehendakariak azpimarratu du Gobernuaren helburua dela Kutxabankek, kaudimena bermatuz, kudeaketa, independentzia, konpromiso, errotze eta euskal ekonomiari laguntzeko gaitasunari eustea . "Ildo horretan, gogorarazi nahi dizut Europako ekonomia eta finantza erakundeak egindako test guztiak gainditu dituela eta, ondo dakizunez, Estatu osoan liderra da kaudimenean. Gainera, aste honetan hedabideetan azaldu den bezala, Europako agintariek ez dute inolako iradokizunik luzatu Kutxabank fusio prozesu batetan sartzeko ", zehaztu du.
Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Polularra taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, oposizioarekiko "elkarrizketa", "akordioa" edo "eskua luzatzea" praktikan jartzeko duen irizpideari buruz.
Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, Jaurlaritza lanean ari da lan-bilera bat egite aldera oinarri sendo eta zehatz bat prestatzen, diagnostikoa partekatzea, proposamenak kontrastatzea eta akordioak lortzea ahalbidetuko duen oinarri bat. "Azken finean, lankidetza prozesu eraginkor bat eraikitzea", gaineratu du. Hala, Lehendakariak ziurtatu du Gobernuaren xedea da adostasunak eta lankidetza sustatzea dela. "Bilera horretan espero ditut zuen alternatibak eta proposamenak", gaineratu du.
Galdera, José Manuel Gil Vegas euskal Alderdi Popularra taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Cristina Uriarte andreak beteko duen aholkulari-postuaren funtzioei buruz.
Lehendakariak azaldu duenez, indarrean dagoen ordenamenduak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Ordezkaritzari ematen dizkion funtzioak beteko ditu Cristina Uriartek. Ildo horretan, argitu du apirilaren 8ko 49/2014 Dekretuak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Komisarioaren figura sortzen duenak, ezartzen duela figura horri dagokiola Kontseiluaren funtzionamendua bultzatzea eta koordinatzea eta, zehazki, honako eginkizun hauek garatzea: jardueren Urteko Memoria egitea eta Kontseiluari aurkeztea; bere eginkizunak betetzean gauzatzen diren jardueren jarraipena egitea; Kontseiluak zehazten duen esparruan bere jarduerak egiteko beharrezkoak diren konpromisoak eta hitzarmenak sinatzea; Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkaritza instituzionala izatea instituzio, organo edo erakunde publiko eta pribatuetan; Kontseiluaren idazkaritzari dagozkion eginkizunak betetzea; eta Kontseiluak eskuordetzen dizkioen gainerako eskumenak. "Hauek dira Cristina Uriartek egingo dituen lan zehatzak", gaineratu du.