Lehendakariak Cony Carranza hezitzaile feministari eman dio berdintasunaren aldeko Emakunde Saria emakume migratuekin egindako lanagatik

2020.eko urriak 27

Iñigo Urkullu Lehendakariak – Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak lagunduta – Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria eman dio gaur arratsaldean Concepción María (Cony) Carranza herri-hezitzaile feministari emakumeen ahalduntze feministari egindako 20 urtetik gorako ekarpenagatik eta  bereziki egoera ahulenetan dauden emakumeekin, emakume migratuekin batez ere, egindako lanagatik.

Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da "berdintasun-politikak indartzea, berdintasunean aurrera egitea, berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzea", eta horrek esan nahi du "kontuan hartu behar dela bazterketa-moduak elkarri lotuta daudela, eta elkar indartzen dutela", emakume migratuen kasuan gertatzen den bezala.

Bere hitzaldian Cony Carranzak goraipatu du herri-hezkuntzaren potentziala, berak lehenengo El Salvadorren eta gero Euskal Herrian praktikara eraman duen metodologia. Horrekin batera, kritikatu egin du Europa emakume migratuak nola hartzen dituen, “Extranjeria Legeak eta arrazakeriak zaintza lanetara murrizten dituelarik hauen aukerak”.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak adierazi duenez, Cony Carranzari emandako saria "bada baita ere aitortza bat migratutako emakume guztiei, gure gizartearen garapenari egiten dioten ekarpen garrantzitsuagatik".

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak goraipatu egin du Cony Carranzaren lana, tokiko eremuan emakumeak ahalduntzeko, kontzientziatzeko eta antolatzeko prozesu indibidualak eta kolektiboak bultzatu dituelako Jabekuntza Eskolen eta Emakumeen Etxeen bitartez. Landaidak nabarmendu du "egin duen ekarpen metodologikoa lidergo kolektiboak eraikitzeko eta emakume migratuen aldarrikapen feministak indartzeko".   

Sari honen bidez, Emakundek aitorpena zabaldu nahi izan die beste lurralde batzuetako egoerak euskal errealitatearekin lotzeko hainbat ikuspegi eta eremutatik lanean ari diren beste emakume askori, bai eta beste diskriminazio-faktore ezberdinek zeharkatutako emakumeen ahalduntze-prozesuak sustatzen lan egiten dutenei ere.

Cony Carranzaren hautagaitza oso bermatua egon da, EAEko hiru lurraldeetako ia 30 emakumek egindako proposamen kolektibo eta anitzaren emaitza izan baita. Proposamena egin duten emakumeak berdintasunaren alorrean ibilbide luzea egin dutenak dira, eta, aldi berean, emakumeen erakundeetan, sindikatuetan eta erakundeetan parte hartzen dutenak.

Emakunde Sariaren helburua da jendaurrean aitortzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridikoen jarduna. Aitortzak berarekin dakar 14.400 euroko diru-saria.

2006. urtetik, Emakunde sari bakarra ematen denetik, hauek izan dira sarituak: Mari Jose Urruzola 2006an, Bagabiltza elkartea 2007an, Bizkaiko Emakumeen Asanblada 2008an, Lilaton taldea 2009an, 2010ean Teresa del Valle, 2011an Irun eta Hondarribiako alarde mistoak, 2012an Bilboko Modulo psikosozialak, 2013an La Posada de los abrazos elkartea, 2014an María de Maeztu Fórum Feminista, 2015ean Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea eta Hitzez Baserriko Emakumeen Elkartea, 2016an Marta Macho, matematiketan doktorea 2017an Virginia Imaz klown eta aktorea eta 2018an Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko Masterrak eta Deustuko Unibertsitateko Emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeari buruzko Masterrak.

Iruzkin bat
  • @robertoderas3
    2020.eko urriak 29
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak