Tapia: “Cybasque-k gure enpresa-sarea sendotuko du, eta euskal ekosistema nazioarteko erreferentziazko hub bilakatzen lagunduko du”

2020.eko urriak 14
  • Gaur goizean, zibersegurtasuneko euskal enpresen elkartearen batzar eratzailea izan da
  • Sailburuak nabarmendu du digitalizazioa eta zibersegurtasuna elkarri lotuta daudela, eta elkarte sortu berriari bereziki ETEak bultzatzeko eskatu dio

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, gaur, Cybasque – Zibersegurtasuneko Euskal Enpresen Elkartearen batzar eratzailea itxi du. Batzarra Bilbon izan da. Tapiak esan du Europako ekosistema digitala eratu behar dela, ongizatezko gizartearen eredua finkatuko duena. Eta, horren haritik, Cybasquek euskal enpresa-sarea sendotzen lagunduko du, eta euskal ekosistema nazioarteko erreferentziazko hub bilakatzen lagunduko du.

Tapiak gogorarazi du Cybasqueren aurkezpena otsailean egin zela, San Franciscoko RSA Conference-ren inguruan, baina Eusko Jaurlaritza, ordurako, ari zela Agenda Digital handian lanean, “bereziki ekonomia- eta industria-jarduerara bideratuta, lehiakortasun-palanka gisa. Enpresen digitalizazioa –esan du–, bereziki ETEena, gure xedeetako bat izan da, eta horretan jarraituko dugu biziago lanean”.

Sailburuak azpimarratu du Covid-19-ak eragin duen krisiak agerian utzi duela enpresa digitalizatuenek arinago eta malgutasun handiagoz erantzun dutela, eta enpresa guztiek bizkortu dutela beren hobekuntza digitalerako prozesua. “Kasurik txarrenean ere, enpresek beharrizan-egoera batetik bizirik ateratzeko senak eraginda erreakzionatu dute. Baina enpresa batzuk, bestalde, derrigorrezko sustapen digital horretan negozio-nitxo berrietarako aukera ere aurkitu dute”.

Geure ibilbide-orria

Etorkizunera begira, sailburuaren iritziz teknologia digitalak eta teknologia berdeak suspertze ekonomikoaren eragile nagusiak izango dira. Alde horretatik, Cybasqueren eginkizuna ezinbestekoa da; izan ere, industrian zibersegurtasuna aplikatzea sustatuko du. “Euskadin ETE ugari dago –esan du–, eta, beraz,  zeuori eskatzen dizuet, mesedez, laguntzeko".

Europako Batzordeak iragarri dituen funtsak direla eta, Tapiak honako hau esan du: “alerta egon behar dugu, eta funts horiek eskuratzeko adimenez lan egin. Baina, hori bai, Euskadin egin dugun bidea ikusita, ez gara despistatu behar eta ez ditugu despistarazten utzi behar. Aurretik geneukan ibilbide-orriari jarraituko diogu. Beharrezkotzat jotzen ditugun proiektu estrategiko eta eraldatzaileak sustatuko ditugu. Lehendabizi, gure ahaleginaren eta baliabideen bitartez, eta, gainera, posible bada, sustapena handiagoa izateko eta bizkortzeko aukera emango duen Europako laguntzaren bidez. Baina gure eraldaketaren ibilbide-orria, kasu honetan digitalarena, guk geuk ezarri behar dugu”.

 

 

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
  • Arantxa Tapia Otaegi
    Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua (XII legealdia)
  • Aitor Urzelai Inza
    SPRI - Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia (XII legealdia)