Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

BOE salerosketak gainpreziorik gabe

2011.eko ekainak 06

Etxebizitza Sailak bigarren eskuko babestutako etxebizitzen salerosketako kontratu pribatuetan edozein gainprezio ezartzen duten higiezinen agentzien aurka ekingo dio

Etxebizitza Sailak berriki adierazi denez, eta legeak aukera hori ematen duelako, edozein inmobiliariak, nahi izanez gero, bitartekaritza-zerbitzuak eskaini ahal izango dizkie jabeei zein etxebizitza horiek eskuratu nahi dituztenei, erabilitako babestutako etxebizitzak saltzeko operazioetan. Nolanahi ere, BOE kalifikazioa duten etxebizitzak saltzeko ezarrita dagoen prozesua osorik errespetatu beharko dute.

Horrela bada, Etxebizitza Sailaren ustetan, higiezinen agentziek zorrotz beteko dute prozedura eta jabeei zein balizko erosleei behar bezalako informazioa emango dizkie salmenta-prezioa finkatzeko dauden mugen inguruan zein erosleak bete behar dituen baldintzen inguruan: bigarren eskuko BOE baten gehieneko salmenta prezioak ezin izango du inolaz ere gainditu araudi bidez Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiengoa, eta araudietan aurreikusitako gehieneko diru-sarrerak gainditzen ez dituztenek baino ezingo dute BOE bat erosi.

Etxebizitza Sailaren eskumenetako bat da kontratu guzti-guztiak ikuskatzea eta Sailaren ikus-onetsia izan ezik, ezingo dute partikularrek salerosketa-kontraturik gauzatu. Eskualdatzeetan iruzur-interesen susmorik hartuz gero, legeak aitortzen dizkion eroslehentasun-eskubidea eta atzera eskuratzeko eskubidea baliatuko lituzke Etxebizitza Sailak.

Eroslehentasun-eskubidea eta atzera eskuratzeko eskubidea gauzatzerakoan, Eusko Jaurlaritzak lekua hartzen dio hasierako erosleari eta kontratuan adostutako prezioa ordainduko du. Bestela esanda, edozein formula "irudimentsu" erabilita gainprezioak ezarriz gero, kalte ekonomikoa eroslearentzat izango litzateke

Horrez gain, Sailak susmoa edukiko balu edota parte hartzen duen alderdietakoren baten salaketa jasoko balu irregulartasuna inmobiliariakoek egindakoa edo sustatutakoa dela, gertakari horren berri berehala emango lioke Osasun eta Kontsumo Sailari, dagokion zehapen-espedienteari hasiera emateko.

Etxebizitza Sailak beraz, deia egiten die inmobiliariei zein jabeei eta balizko erosleei, profesionaltasunez eta erantzukizunez jokatzeko, eta babestutako etxebizitzaren helburu soziala betetzen dela Etxebizitza Sailari bermatzen laguntzeko, baita iruzurrari eta espekulazioari aurre egiteko ere. Saila prest dago, beraz, salerosketa prozesuari buruz eta hark irauten duen bitartean alderdiek izan ditzaketen zalantzak argitzeko.

Azkenik, epe laburrean, alor honetako bitartekaritza pribatuko jarduketak argitu bitartean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila are gehiago baliatuko da eroslehentasun-eskubideaz eta atzera eskuratzeko eskubideaz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan