Berriak
Eu

Genero-indarkeriaren aurkako ahaleginak areagotu dira

2011.eko ekainak 07

Onartutako plan berriak biktimentzako arreta, arreta-zerbitzuen arteko koordinazioa eta herritarren sentsibilizazioa ditu oinarri

Eusko Jaurlaritzaren Genero Indarkeriaren kontrako lehen Jarduera Plana onartu du Gobernu Kontseiluak gaurko bileran. Dokumentu horretan, datozen bi urteetan aurrera eramango diren jarduera-ildoak eta ekintzak biltzen dira, EAEko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako V. Planean legealdi honetarako ezarritako zuzentarauen arabera. Besteak beste, azpimarratzekoa da gazteria sentsibilizatzeko web orri berria eta leihatila bakarra martxan jarriko direla. Gaur goizean egindako gobernu kontseiluan onartu da, batetik, Sopelan 143 etxebizitza babestu eraikitzea, eta, bestetik, Zorrotzaurreko tranbiarako zubi bat eraikitzeko azterlanak eta proiektuak egitea.

Onartutako Plana Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren hiru jarduera-ardatzen inguruan dago egituratuta, eta hainbat Sail zein Erakunde autonomok horiekin erlazionatuta martxan jarriko dituzten ekintzak biltzen ditu. Honako hauek dira planaren ardatzak: genero indarkeria jasaten duten emakumeentzako arreta, koordinazio eta lankidetza instituzionala eta, azkenik, sentsibilizazioa, prebentzioa eta ikerketa. Plan honek, besteak beste, leihatila bakarra eta biktima bakoitzeko espediente bakarra kudeatzea, laguntza ekonomikoak eta beste berme-neurri batzuekin erlazionaturiko konpromisoa barne hartzen ditu. Sentsibilizazioa oso garrantzitsutzat jotzen da, hori dela eta, kanpainez eta jardunaldiez gain, web orri berri bat ere martxan jarriko da gazteria sentsibilizatzeko.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaurko bileran, Eusko Jaurlaritzaren Genero Indarkeriaren Kontrako lehen Jarduera plana onartu du. Idoia Mendia Jaurlaritzaren bozeramaileak planaren berri eman du, baita gaurko Kontseiluan onartutako beste gai garrantzitsu batzuen berri ere, eta kazetarien galderak erantzun ditu.

Eusko Jaurlaritzatik kudeatzen diren zerbitzuek eta baliabideek edozein motatako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diziplina anitzeko arreta eta arreta osoa eskaintzea dute helburu. Horretarako, nahitaezkoa da arintasuna eta koordinazioa, eta bi betebehar horiei erantzuteko diseinatu da plan hau, hain zuzen ere. Bozeramailearen hitzetan, planak arlo honetan Eusko Jaurlaritzaren “lan-ildoa sendotzen eta egituratzen du”. Plan honek “biktimek pairatutako kalteei laguntza juridiko eta psikosozialaren bidez” erantzuten diela azaldu du Mendiak.

ETSari aginduak

Bilboko metroaren 1. eta 2. Lineetako proiektuak eta obrak, eta tranbiaren programa egin, jarraitu eta kontrolatzeko lanak ETSk egingo ditu. Lan horiek honako ekintzak barne hartzen dituzte: 1. Linean Maidaganeko eremuan trenbidea lurperatzea, Getxoko Ibarbengoa geltoki berria, Urdulizeko trenbidea lurperatzea eta 2. Linean, Aritz-Basauri eta Santurtzi-Kabiezes tarteak eraikitzea.

Tranbiaren programari dagokionez, azpimarratzekoa da Barakaldoko tranbiaren eta Leioa Unibertsitatea-Urbinaga tranbiaren proiektuak eta Bilboko tranbiaren II. fasea. Horren harira, ETSk Zorrotzaurreko tranbiarako zubi bat eraikitzeko azterlanak eta proiektuak egingo ditu, “Deustuko kanala irekitzen denean irla egoeran egongo den Bilboko Zorrotzaurre auzoaren berreraketa dela eta”, azaldu du Mendiak.

Onartutako gaien artean, azpimarratzekoa da, era berean, Jaurlaritzak Sopelan (Bizkaian), Asu eta Bareño auzoetan, 143 etxebizitza babestu eraikitzea erabaki duela. Idoia Mendiak kazetarien galderak erantzun ditu hainbat gairi buruz.

Eskolta gutxitzeko aukerari dagokionez, bozeramaileak azaldu du “hiritar guztien eta terrorismoaren mehatxuak jaso dituzten kargu publiko zein pertsonen segurtasuna bermatzeko” interes handiena duena Jaurlaritza dela. “Pertsonen segurtasuna ez da sekula jartzen arriskuan, guztiek izango dute bermatuta segurtasuna”, erantsi du.

Martín Garitano Bildu alderdiaren Gipuzkoako liderrak atxiloketak eta atentatuak maila berean jarriz egin zituen deklarazioak direla eta, Mendiak adierazi du konparaketa “ez dela zentsuzkoa”. Bozeramailearen hitzetan, horrelako konparaketa egiten duen pertsonari “bide luzea geratzen zaio”. “Ez da egun batetik bestera lortzen demokrata izatea”, azaldu du.


Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.06.07)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-06-07n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)