Energiaren Euskal Erakundeak energia berriztagarrietako bere azken proiektuak eramango ditu bioterra azokara

2020-10-08

Irungo Bioterra azokaren edizio berrian, Energiaren Euskal Erakundeak erakusgai jarriko ditu abian jarri dituen azken ekimenak, hala nola Ekienea eguzki-parkea edo Aixeindar bidez bultzatutako parke eoliko berriak. Horrez gain, mugikortasun jasangarrirako indarreko laguntza-programei buruzko informazioa eskainiko die bisitariei, eta hitzaldi bat ere emango du, itsasotik energia nola lortzen den azaltzeko.

Energiaren Euskal Erakundeak Bioterra azokarekin hartutako konpromisoari eutsi nahi dio, Euskadin Trantsizio Energetikoak aurrera egin dezan bultzatzeko hainbat proiektu eta baliabide erakusgai jarriz. Energia berriztagarrien alorrean (zehazkiago, eguzki-energian eta energia eolikoan) burututako azken proiektuek osatuko dute Energiaren Euskal Erakundearen standaren ardatza. Bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren gaineko azoka horren 17. edizioa egingo da aurten, urriaren 9tik 12ra bitarte, Ficoba Gipuzkoako Erakustazokan, Irunen.

EEEren standak arreta jarri du azken urteetan burututako proiektuen erakusgarri diren bi iruditan: Ekian eguzki-parke fotovoltaikoa batetik (24 Mw-ko instalazioa Erriberabeitian, Araban), eta Badaiako parke eolikoa bestetik, energia eolikoa bultzatzearen aldeko apustu berri baten erakusgarri, Aixeindar izeneko aliantza publiko-pribatu berri baten eskutik. Instalazio horren bitartez herritarrei jakinarazi nahi zaie oso garrantzitsua dela energia-eredu deskarbonizatu eta efiziente bat lortzea baliabide propioak, eta bereziki energia berriztagarriak, erabiliz.

Azoka bisitatzen dutenek aukera izango dute, halaber, EEEk mugikortasun jasangarrirako kudeatzen dituen laguntza-programen gaineko informazioa lortzeko: ibilgailu alternatiboak, birkarga-puntuak, bizikletak, etab. Azkenik, EEEk itsasoa eta olatuen indarra ere hurbilduko ditu Bioterrara, energia lortzeko baliabideak diren heinean. 2020ko urriaren 9an, ostirala, BIMEP Biscay Marine Energy Platform-eko zuzendari Yago Torre Encisok "Gure itsasoa. Gure energia" izeneko hitzaldia emango du Bioterran, 12:00etatik aurrera.

Bihar, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansola Kareagak Bioterraren 17. edizioaren inaugurazioan parte hartuko du, 10:30ean, Ficobako instalazioetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak