Jesús Garcia de Cos: “Tokiko merkataritza bai, baina 4.0 merkataritza ere bai”.

2020-10-08

Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jesús García de Cosek Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresariak elkarteak antolatutako Aenkomer Sariak emateko ekitaldia inauguratu du.

Bere hitzaldian, Garcia de Cos sailburuordeak gogorarazi du merkataritzaren egoera pandemiaren aurretik ere zaila zela eta Covid-19ak eragindako osasun-krisiak bultzatu egin duela oso zeharkako joerei aurre egin beharko dien berregituraketa. “Alde batetik, euskal gizartearen zahartzea dela eta, mendekotasun-tasak nabarmen egingo du gora, eta hirigintza, mugikortasuna eta merkataritza beste era batean antolatu beharko dira, hurbileko zerbitzuek izango duten garrantzia kontuan hartuta. Bestetik, kontsumitzaile berriak informazio gehiago du, konektatuago dago, eta produktua ez ezik, balioa sortzen duen zerbitzu bat ere eskatzen du, merkataritza-esperientzia estuago bat, azken batean”.

Ildo horretan, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak adierazi du merkataritzak omnikanalitatera jo eta eraldaketa digitalera egokitu behar duela, baina denda fisikoa utzi gabe. “Tokiko merkataritza bai —adierazi du—, baina 4.0 merkataritza ere bai”.

Jesús Garcia de Cosen ustez, tokiko merkataritzak bere identitateari eta berezitasunari eutsi behar die. Eta berregituratzeko eta modernizatzeko prozesu horretan, lehiakortasunaren hobekuntza eta digitalizazioaren bultzada sendotzea eta euskal merkataritza indartsuago, sendoago eta lehiakorrago bat finkatzeko lana bultzatzea da helburua. “Merkatariok —gaineratu du— zuen negozioak ingurune aldakor batean aurrera ateratzeko indarra, talentua eta borondatea duzue. Horixe erakutsi duzue gaur ongi egindako lanaren sariak jasoko dituzuenok. Eta gure esku dago zuei ahalik eta babesik handiena ematea eta, horretarako, sustapen-estrategiak eta merkataritza salmenta eta merkaturatze mota berrietara egokitzeko tresnez eta ezagutzaz hornituko duten programak garatzea.

Sariak emateko ekitaldian, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritzako zuzendari Elena Morenok ere parte hartu du. Nolanahi ere, ekitaldi horren bidez, Aenkomer – Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresariak elkarteak amaiera eman die “Berrikuntzaren eta Ekintzailetzaren VIII. Jardunaldiak: hirien bilakaera Covid-19aren ondoren. Euskal merkataritzaren eta zerbitzuen erronkei buruzko kanpoko ikuspegi bat” izeneko jardunaldiei.

 

2 iruzkin
  • 2020-10-11

    Merkataritza tokiko eskariarekin gehiago konektatzeak ez du lekurik desinformazioan

  • 2020-10-11

    Conectar más al comercio con la demanda local no tenga cabida la desinformación

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak