Artolazabalen ustez beharrezkoa da “historian zehar emakumeek egindako ekarpenak gogoratzea, bistaratzea eta baloratzea"
- Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Emakunderen ‘30 emakume ahaztezin’ erakusketa inauguratu du Euskal Museoan
Bilbo, 2020/10/08
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur azpimarratu duenez “historian zehar emakumeek egindako ekarpenak gogoratu, bistaratu eta baloratu behar dira, alde batetik, merezi dutelako. Eta bestetik, belaunaldi berriek emakume erreferenteak eduki behar dituztelako. Jarraitu beharreko emakume eredugarriak”. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Bilboko Euskal Museoan Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundeak antolatutako ’30 emakume ahaztezin’ erakusketa inauguratu du. Erakusketaren bidez, gure herriaren historiari emakumeek egin dioten ekarpena eskertu nahi izan da, hogeita hamar pertsona ospetsu aukeratuz. “Horregatik erakusketa hau iraganera eta, aldi berean, etorkizunera egindako begirada bat da. Izan ziren emakumeei eta izango diren emakumeei egindakoa”.
“Erakusketa honetan ikusten ditugunak historian zehar gure gizartearen hainbat esparrutan emakumeek egin duten ezinbesteko ekarpenaren lagin bat baino ez dira”, azpimarratu du sailburuak. Erakusketan hogeita hamar akuarela bildu dira. Haietan, besteak beste, zientziaren, artearen, kulturaren eta hezkuntzaren arloetan ekarpenak egin dituzten emakumeen erretratuak ikus daitezke. Emakume irakasleak, margolariak, bertsolariak, matematikariak, kirolariak, besteak beste. Hainbat esparrutan nabarmendu ziren emakumeak.
“Jakin badakigu beste askok ere merezi dutela bertan izendatzea eta omentzea. Horregatik, erakusketa honen bidez emakume gehiagoren izenak, gizartean merezi duten esker ona jaso ez duten emakumeen historia gehiago guri helaraztera gonbidatzen ditugu herritarrak”, nabarmendu du Artolazabalek.
30 historia letra larriz
Euskal Museoan 2020ko urriaren 8tik 2021eko urtarrilaren 13ra ikusgai egongo den erakusketa honetan 30 akuarela biltzen dira. Akuarela horietan Elena Ciordia artistak hainbat arlotan —adibidez, literaturan, bertsolaritzan, pinturan, argazkigintzan, kirolean, musikan, fisikan, politikan, kazetaritzan, ikerketan edo irakaskuntzan— Euskadiren historian nabarmendu diren hainbat emakume erretratatu ditu.
Akuarelak honako emakume hauen bizitzari buruzko informazioa ematen duten beste material eta ikus-entzunezko elementu batzuekin osatzen dira: Carmen Adarraga, Maurizia Aldeiturriaga, Joxepa Antoni Aranberri «Xenpelar», Inocencia Arangoa, Benita Asas Manterola, Julene Azpeitia, Rita Barrenetxea, Errose Bustintza, Josefa Cruz «La Gassier», Francisca De Aculodi, Ernestina De Champourcin, Cecilia G. De Gilarte, María De Maeztu, Katalina Eleizegi, Ángela Figuera,Menchu Gal, María Goiri, Dolores Ibarruri, Lurdes Iriondo, Felisa Martín Bravo, Bizenta Mogel, María Luisa Ozaita, Politxene Trabudua, Mari Jose Urruzola, Julene Urzelay, María Antonia Uzkudun, Luz Zalduegi, Elbira Zipitria eta Joxepa Zubeldia.