Berriak Hezkuntza

Jokin BIldarratz: "Ikasturtea ondo hasi da, ikastetxeetan behar diren baliabideak ipintzen ari gara"

2020-10-08

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa egin diote gaur goizean Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Bertan, zuzentzen duen sailari dagozkion hainbat gai izan ditu hizpide.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak esan du ikasturte hasiera emankorra izan dela. Horrela, adierazi du hainbat bilera egin direla hezkuntza-komunitate osoarekin (500 lagun baino gehiagorekin); konfiantza eta segurtasuna transmititzeko behar beharrezko bilerak, sailburuaren iritziz. Hala, Jokin Bildarratz sailburua elkarrizketaren eta elkarri entzutearen alde agertu da.

Covid-19 ikasgeletan izaten ari den eraginari dagokionez, adierazi du une honetako egoera ikasturte hasieran itxaron zitekeena baino hobea dela, azken asteetan itxitako ikasgela kopurua nabarmen jaitsi baita: 102 ikasgela zeuden itxita atzo, hau da, ikasgela guztien % 0,58. Gaur, urriak 8, datuak jaitsi egin dira berriro: itxitako gelak 91 dira (guztien artean %0,52) 59 ikastetxetan.

Ildo horretan, sailburuak gogorarazi du Saila baliabide ugarirekin ari dela ikastetxeak hornitzen: irakasleei dagokienez, 670 profesional gehiago; 700 profesional baino gehiago jantokietarako; edo 300 ordezkapen baino gehiago, kasu positiboak ez direlako bajan egon ez arren, etxean geratu behar duten irakasleentzat, Covid-19k nolabait eraginda

Sindikatuekin atzo izandako bileraren inguruan, Jokin Bildarratzek bilera horretan lortutako akordioa nabarmendu du, hau da, lau mahai sektorialak bi astetan martxan jartzeko akordioa. "Ulertezina da irudi negatiboa eta tentsioa helaraztea", adierazi du. Halaber, hezkuntza gatazkatik ateratzeko deia egin du, ikasleak, " alderik ahulena", kaltetuak izan ez daitezen.

Sindikatuek atzo jakitera eman zuten jangela-zerbitzurako greba-deialdiari buruz galdetuta, Bildarratzek esan du greba Hezkuntza Sailarekin izan zuten bilerara sartu baino lehen iragarri zela, eta adierazi du ez duela ulertzen zertan oinarritzen den deialdia, berak zuzentzen duen Saila baliabide gehiago jartzen ari delako eta lan-baldintzak mantentzeko konpromisoari eusten diolako.

Azkenik, sailburuak gogorarazi du EHAAk gaur argitaratu duela 2020-2021 ikasturterako unibertsitatez kanpoko beken deialdia. 60 milioi euroko zenbatekoarekin, aurreko ikasturtean baino 5 milioi gehiago ditu aurten baka deialdiak. Bildarratzek azaldu duenez, Hezkuntza Sailak kopuru hori handitu egingo du, behar izanez gero, beka bat lortzeko baldintzak betetzen dituzten familia guztien beharrak asetzeko.

Berrikuntza nagusi gisa, aurtengo beken deialdiak kenkari bat aurreikusten du Covid-19k eragindako osasun-krisiaren ondorioz, egoera ekonomikoa larriki kaltetu zaien familientzat (langabezia egoerak, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak, enplegu-erregulazioko espedienteak edo antzeko egoerak).Familia horiek, zenbatutako errenta osoari %5eko kenkaria aplikatzeko eskubidea izango dute. Horrela, aurreko ikasturtearekin alderatuta, beken onuradunen kopuruak gora egitea aurreikusten da ikasturte honetarako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak