
Abian da 2020ko bigarren diru-laguntza deialdia Euroeskualdearen garapen ekonomiko eta berrikuntzarako proiektuetara bideratua
- Azaroaren 5era arte egongo da irekita, eragile publiko zein pribatuei zuzendua, Euroeskualdeko balio-kateak garatzeko tenorean; 400.000 euroko aurrekontua izango du
- 500.000 euro baino gehiago aukeratu diren 19 proiektuetara bideratuko dira, kultura, hezkuntza eta kirol alorretan
Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak (NAEN) urteko bere bigarren proiektu-deialdia ireki du - “EZAGUTZAREN EKONOMIA” izenekoa-, 400.000 euroko aurrekontuarekin eta hiru lurraldeetako eragile publiko zein pribatuen arteko lankidetza sustatzea helburu duena, hiru lurraldeen arteko garapenerako estrategikotzat jotzen diren sei sektore gakoen inguruan.
Era berean, 19 proiektu hautatu dira kultura, hezkuntza eta kirol alorretan, 55 hautagaitzaren artetik. Proiektu horiek Euroeskualdearen laguntza jasoko dute datorren urtean zehar, 500.515 euroko diru-laguntzaren bitartez, 2020ko maiatzean ireki zen lehen proiektu-deialdiaren baitan, “EUROESKUALDEKO HIRITARTASUNA” izenekoa.
Gaur goizean argitaratu dira publikoki albisteak Miramongo Teknologia Parkean, Donostian, Euroeskualdearen Batzorde Eragilearen hiru hautetsiren eskutik: Mikel ANTON, Eusko Jaurlaritzako Europar Gaietarako zuzendaria, Mathieu BERGÉ, Euroeskualderako eta mugaz gaindiko lankidetzarako Akitania-Berriko eskualde-kontseilaria, eta Mikel IRUJO, Nafarroako Gobernuko Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusia.
Aurreko edizioen antzera, Euroeskualdeak laguntza hauekin hainbat helburu bete nahi ditu: hiru lurraldeetako biztanleak kohesionatuko dituzten lankidetza-ekintzetan sakondu, kultura, hezkuntza, gazteria, kirola eta eleaniztasun alorretan; etorkizun komun baterako sektore ekonomiko gakoak dinamizatu eta, azkenik, sinergia berriak eta pertsona eta erakundeen arteko harremanak sustatu. Labur esanda, Euroeskualdeko proiektua sustatu eta indartu: Akitania-Berria, Euskadi eta Nafarroaren arteko ia 9 milioi biztanlek osaturiko lurraldea.
“EZAGUTZAREN EKONOMIA” SEKTORE GAKOAK ETA BALDINTZAK
“Ezagutzaren ekonomia” proiektu-deialdian laguntza jaso nahi duten proiektuek oinarrizko baldintza bat bete behar dute: proiektu horietan gutxienez lurralde bakoitzeko bazkide batek parte hartzea. Hortik aurrera, mugaz gaindiko erakundeak definitutako funtsezko sei sektoreetako bat lantzen duten elkarteek, enpresek, unibertsitateek, erakunde publikoek eta era guztietako erakundeek beren ideia edo proiektua aurkez ditzakete.
NAEN Euroeskualdeak 2014-2020ko Plan Estrategikoan sei sektore identifikatu zituen. Lehenengoz, eta zehaztutako diagnostiko baten ondoren, hiru lurraldeetarako lan lerro amankomun batzuk definitu zituen. Honako hauek dira sektoreak:
- Aeronautika, Aeroespaziala, Fabrikazio aurreratua
- Osasuna, Bio-osasuna
- Nekazaritza eta nekazaritzako elikagaien industria
- Energia berriztagarriak
- Itsasoko eta itsasbazterreko baliabideak
- Eraikuntza iraunkorra, basoa eta zura
Sektore horietako eragile erreferenteak (enpresak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, etab.) biltzeko Euroeskualdearen tresnak dira urte bakoitzean argitaratzen diren proiektu deialdiak. Hala, Euroeskualdearen ikuspegitik osagarriak eta sinergien garapena jomugan duten proiektu bateratzaileak hauspotzea dute helburu proiektu-deialdiok.
Iazko proiektu-deialdi berean, zazpi proiektu hautatu ziren guztira, horietako bi nekazaritza-sektorearekin lotutakoak (erlezaintza eta jatorri-deiturak), beste bi osasun/bio-osasunarekin (botiken fabrikazioa eta lipomodelajea), eta gainontzeko hirurak energia berriztagarriekin erlazioa dutenak (unibertsitate-campus guztietako egoera azterketa), fabrikazio aurretatua (mekanizazioa) eta zuraren sektorea (Euroeskualdeko basoen mapa). (IKUS 1 ERANSKINA)
Gehiengo zenbatekoa
Euroeskualdeak eman dezakeen diru-laguntzaren zenbatekoa proiektuaren kostuaren %50era irits daiteke gehienez. Era berean, proiektuak gutxienez %20eko autofinantzaketa izan beharko du. Aitortuko den gutxiengo diru-laguntza 20.000 eurokoa izango da, eta gehiengoa 75.000 euro.
Laguntza gehigarria
Aurtengo Ezagutzaren Ekonomia proiektu-deialdiak 50.000 euroko hazkundea jaso du 2019ko proiektu-deialdi berari dagokionez, pandemiak eragindako testuinguruak hautagaiengan eta batez ere enpresa, unibertsitate eta erakundeengan izan duen eragina leuntzeko asmoz.
Proiektu-deialdiari buruzko informazio guztia Euroeskualdearen web gunean aurki daiteke: www.euroregion-naen.eu
““EUROESKUALDEKO HIRITARTASUNA”, DATORREN URTERAKO 19 EKIMEN
Kulturaren, hezkuntzaren eta kirolaren arloekin lotutako mugaz gaindiko hemeretzi proiektuk mugaz gaindiko erakundearen aldetik 500.515 euroko diru-laguntza jasoko dute, “Euroeskualdeko Hiritartasuna” izeneko 2020ko lehen diru-laguntzen deialdian.
Deialdia 2015ean sortu zen eta Euroeskualdeko lurraldeetan kokatutako bazkideen artean kulturaren, hezkuntzaren, gaztaroaren, kirolaren eta eleaniztasunaren arloetako lankidetza-ekintzak finantzatzen ditu. Maiatzean jaurti zen azken deialdira 55 proposamen aurkeztu dira, era askotakoak.
Jarraian, arlo bakoitzeko ideiak laburbiltzen dira:
ARLOA |
ZK |
HAUTATUTAKO PROIEKTUAK |
KULTURA |
8 |
ikus-entzunezko ekoizpenak (kultura-aldizkarien bidez eta mugaren bi aldeetako film luze bat aldi bereko banaketa helburu dutenak diru-laguntzen bidez), haur eta gazte literatura, ondarea eta zirku eta dantzako artista garaikideak.
|
GAZTeriA HEZKUNTZA |
7 |
ingurumen-sentsibilizazioari, migrazioari, baso-ekonomiari, kodifikazioari eta berrikuntza positiboari buruzko proiektuak, hiru ikastetxek parte hartzen duten e-Twwining proiektu batekin eta nekazari gazteen artean jardunbide egokiak trukatzeko proiektu batekin batera.
|
ELEANIZTASUNA |
2 |
Euroeskualdeko hizkuntzak erabitlzera eta ikastera bideratutako proiektuak: lehenengoak online ikastaro bat sortzea izango du helburu, turismoaren eta ostalaritzaren arloaetan hiztegi teknikoa ikasteko. Bigarrenak, berriz, euskarazko komunikabideen eraldaketa digitala arintzea du helburu.
|
KIROLA |
2 |
softbol/beisbol kirol topaketak eta Euroeskualdeko kirol, aisialdi eta jolas jardueren erabilera sozialak ulertzea ikerketa-proiektu baten bidez.
|
(IKUS 2. ERANSKINA)
Hautaturiko hemeretzi proiektuez gain, Euroeskualdeak 2015ean “Euroeskualdeko Hiritartasuna” proiektu-deialdia sortu zenetik 96 proiektu diruz lagundu ditu. Ibilbide luze honetan zehar hiru lurraldeetako elkarte, enpresa, konpainia artistiko, ikus-entzunezko ekoiztetxe, unibertsitate, tankera guztietako fundazio eta kirol-klubek hartu dute parte.