Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Manuel Patarroyo ikertzaileari harrera egin dio

2011.eko ekainak 03

Lehendakariak eta Manuel Patarroyo ikertzaileak elkarren arteko lankidetza aztertu dute, garapenerako proiektuak Kolonbian gauzatzeari begira

Umetoki-minbiziaren detekzio goiztiarrerako metodo baten aplikazioa aztertuko da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lan-eremuan dauden herri indigena kolonbiarrentzat. Patxi López Lehendakaria eta Manuel Patarroyo ikertzailea kolonbiarra –Asturiasko Printzea sariduna- bilduta egon dira gaur eguerdian, elkarrekin lan egiteko aukerak aztertzeko, Eusko Jaurlaritzak Kolonbian finantzatzen dituen garapenerako lankidetza-programen bitartez. Malariaren txertoa deskubritu zuen ikertzailea Espainian dago egun hauetan, bertan hainbat sari eta aitomen jaso baititu gaixotasun infekziosoen aurkako borrokan egindako lanagatik.

Bilera Lehendakaritzan egin da eta bertan Kanpo Ekintzarako Idazkari Nagusi Guillermo Echenique ere izan da. Bileraren aurretik, Manuel Patarroyok topaketa  izan du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Zuzendari Marta Aresekin eta Eusko Jaurlaritzaren Kolonbiako Ordezkari Iñaki Martinezekin.

Hain zuzen ere, bilera baliagarria izan da akordioak lortzeko aukerak aztertzeko, Patarroyo doktoreak garatu duen metodo berri baten aplikazioari begira, hots, umetoki-minbiziaren diagnosi goiztiarraren aplikazioari begira; horren onuradunak Kolonbiako emakume indigenak izango lirateke, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lan egiten duen eremuan. Metodo berri honek bidea ematen du gaixotasun hori nork pairatzen duen jakiteko, odol-tanta bat aztertzearen bidez eta zitologiarik gabe; hori lagungarria da osasun-azpiegiturarik ez duten inguruneetan. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren interesa esperientzia pilotu bat hastea da, alegia, diagnositik gaixotasunaren tratamendura iristen den proposamen integral bat eskaintzea emakume horiei.

Kolonbia lehentasunezko herrialdeetako bat da Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzarentzat, eta bada lankidetza-esperientzia luzea Euskadiko eta Kolonbiako GGKEen artean.

Gaur egun, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia 17 proiektu gauzatzen ari da, guztira 5 milioiko aurrekontuarekin, sektore hauetan:
- Hezkuntza. Hiri handietako hirigune deprimituak (Bogota, Cali eta Medellin)
- Sektorean ekoizpen-proiektuak dituzten komunitate indigenak  (Chocó probintzia)
- Tokiko garapena (Antioquia probintzia)
- Giza Eskubideen defentsa, gatazkaren testuinguruan (Bogota eta Chocó)
- Emakumeen ahalduntzea (Medellin)

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari