Berriak Herrizaingoa
Eu

Euskalmetek nabarmendu duenez, azken urteotan ez da aurtengo maiatzean beste tximista izan hilabetean

2011.eko ekainak 03

Euskal Meteorologia Agentziak hodeietatik lurrera iritsi ziren 3.820 tximista zenbatu zituen aldi horretan

Euskal Meteorologia Agentziak, Euskalmetek, hodeietatik lurrera iritsi ziren 3.820 tximista zenbatu zituen maiatzean; beraz, azken urteotan aktibitate elektriko handieneko sasoia izan da.

Euskalmeten datuek erakusten dutenez, maiatzaren 30ean eta 11n erori ziren tximista gehien, 808 eta 628 hurrenez hurren, eta tximista indartsuenak Etura (Araba) eta Aratz eta Asteasu (Gipuzkoa) udalerrietan erori ziren.

Maiatzaren 30ean izan zen ekaitzean, hain zuzen, Zuia Arabako udalerriko Sarria kontzejuan Euskalmetek sortu zenetik inoiz neurtu duen prezipitazio kopuru handiena izan zen ordubetean: 115 litro metro karratuko ordu bakar batean. Prezipitazio horren parte handi bat txingor moduan izan zen, gainera.

Ekaitz horren ondorioz, Urkabustaiz, Zuia eta Zigoitia udalerritan 111 tximista (15, 72 eta 14, hurrenez hurren) erori ziren, ekaitzaren ertzetan sortutakoak horiek guztiak.

Euskalmeten adituen arabera, "normala da hori horrela gertatu izana, tximistak ez baitira prezipitazio gehieneko gunean sortzen, ekaitzaren ertzetan baizik".

Horren harian, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologia Zuzendaritzatik herritar guztiei gogorarazi nahi diete tximistetatik babesteko aholku eta jarraibideak bete behar dituztela hitzez hitz, ekaitza 10 kilometro baino gehiago aldentzen ez denera arte behintzat.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko