Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak hainbat hitzarmen sinatu ditu adingabeen eta gazteen gizarteratzea sustatzeko (Gobernu Bilera 2020-10-6)

2020-10-06

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak GAZTAROAN EKIN, IRSEARABA eta BERRIZTU erakundeekin hainbat hitzarmen sinatu ditu, adingabeen eta gazteen gizarteratzea sustatzeko. Guztira, 1,5 milioi euro pasatxo bideratuko ditu eginkizun horretara. Hitzarmen horien bidez, delituak egin dituzten adingabeak egoitzan hartzea eta gizarteratzea jorratzen dira.

Gaur, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Gobernu Kontseiluari jakinarazi dio Ana Agirre sailburuordeak zuzentzen duen Justizia Sailburuordetzatik sustatutako hitzarmen horiek sinatu dituztela.

Proiektu zehatzak

Zehatz-mehatz, GAZTAROAN EKIN elkartearekin sinatutako hitzarmenaren helburua da Arabako Andoiu-Gorbeia heziketa-zentroan emakume adingabeak eta gazteak egoitzan hartzea eta gizarteratzea sustatzea. Horretarako 399.596 euro bideratuko dira. Era horretan, erregimen ireki, erdireki edo itxian —terapeutikoak barne— kautelazko neurriak edo neurri irmoak betetzen dituzten 16 emakume adingabe eta gazte artatu nahi dituzte.

Arabako Gizarte Berrintegrazioko Institutuarekin (IRSEARABA) akordioa luzatu dute 58.135,50 euroko balioagatik, erakunde horrek Adingabeen Epaitegiari babesa emateko ingurune irekian neurriak berariaz aplikatzen direla bermatzeko garaian, hau da: zaintzapeko askatasuna, gizarte-heziketako eginkizunak, tratamendu anbulatorioa, komunitatearen onurarako prestazioak eta asteburuetan norberaren etxean egoteko neurriak. Halako neurrien bidez epaitutako adingabeen gizarteratzea bilatzen da.

Gainera, Sailak gizarteratzea helburu duten sei hitzarmen sinatu ditu BERRIZTU Hezkuntza Elkartearekin, milioi bat euro baino pixka bat gehiagogatik. Akordio horietako bi —bata Bizkairako eta bestea Gipuzkoarako— IRSEARABArekin sinatutakoaren oso antzekoak dira, Adingabeen Epaitegiari babesa ematea bilatzen dutelako ingurune irekian neurriak berariaz aplikatzen direla bermatzeko. Bi hitzarmen horiek gauzatzeko, guztira, 283.401 euro bideratuko dira.

BERRIZTUrekin sinatutako beste akordioetako batek Bizkaiko Urgozo heziketa-zentroan egoitzan hartzea eta gizarteratzea ahalbidetuko ditu. 255.594 euroko zenbatekoagatik, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak hala eskatzen duenean, barneratze irekiko eta erdirekiko neurriak, hezkuntza-taldean bizikidetzak eta asteburuko egonaldiak gauzatzeaz arduratuko da BERRIZTU elkartea.

Era berean, Arrazua-Ubarrundiako (Araba) Uribarri heziketa-zentroan egoitzan hartzeko eta gizarteratzeko neurriak gauzatzea ahalbidetuko du BERRIZTUk, 420.037 eurogatik.

Laguntzeko obligazioarekin Bizkaian eta Gipuzkoan zaintzapeko askatasunak edo eguneko zentro batean neurriak egikaritzeko laguntza zein baldintzatan emango den arautzen da azken bi hitzarmenetan. Horretara 213.461 euro bideratuko dira.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko