Berriak Hezkuntza

966.000 euro Lanbide Heziketa Dualeko programak garatzeko (Gobernu Bilera 2020-10-6)

2020.eko urriak 06

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2020-2021 ikasturtean Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeetan ikas-ekinezko erregimenean Lanbide Heziketa Dualeko programak garatzeko diru-laguntzak deitzen dituen agindua. Deialdi honek 966.000 euroko zenbatekoa du.

Deialdi honek bultzatzen dituen Lanbide-Heziketa Dualeko programek ikasleen prestakuntza bi eremutan lantzen dute: bai ikastetxean bertan, bai lantokian (enpresa). Lanbide-gaitasunak, gaitasun pertsonalak zein sozialak hobetzea dute helburu programok, ikas-ekinezko erregimeneko hasierako Lanbide-Heziketako titulu bat lortzeko, enpresan ordaindutako lan-jarduera batekin. Programa horietan parte hartzen duten ikasleek, beraz, Lanbide Heziketako ikastetxean jasotzen duten prestakuntza ekoizpen- eta lan-ingurune erreal batean jasotzen dutenarekin uztartzen dute. Horrek zuzenean dakar ikasle horiek hobeto prestatzea eta,  ondorioz, prestakuntza dualeko programetan parte hartzen duten ikasleek oso laneratze-tasa altuak izan ohi dituzte ikasketak amaitzean.

Dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke Lanbide Heziketako zikloak (Oinarrizkoak, Goi-mailakoak edo Erdi-mailakoak) itunpean ematen dituzten Euskadiko ikastetxeen erakunde (edo pertsona) titularrak. Horretarako, 2020-2021 ikasturterako Hezkuntza Sailak onartuta eta baimenduta izan beharko dute ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Dualeko programa, ikastetxeak eta enpresa parte-hartzaileak elkarrekin lankidetzan egina izan beharko duena.

Joan zen 2019-2020 ikasturtean, Lanbide Heziketako 2.600 ikaslek baino gehiagok – ikastetxe publikoetakoak zein itunpekoak – modalitate dualean egin zituzten ikasketak, prestakuntza mota horretan parte hartzen zuten 1.435 euskal enpresaren bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko