Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek ekonomia suspertzeko elkarlanerako 10 oinarri adostu dituzte

2020.eko urriak 06

Gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritza eta hiru Foru Aldundiak bildu egin dira, koronabirusak eragindako egungo krisi-egoerari buruzko diagnostiko bat partekatzeko eta hari erantzun orokor eta koordinatua emateko oinarriak adosteko.  

Bileraren buru izan da Iñigo Urkullu Lehendakaria, eta honako hauek hartu dute parte: Unai Rementeria, Markel Olano eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak; Idoia Mendia bigarren lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburua ,  Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua.

Diagnostiko eta konpromiso partekatu horretatik abiatuta, “Ekonomia Suspertzeko eta Enpleguaren aldeko Konpromisoa” bat ezartzea erabaki da, Euskadiko gainerako eragile publiko eta pribatuen parte-hartzeari irekia eta oinarri hauetan oinarritua:


1. Erantzun globala, enplegua lehenetsiz. Krisiaren sakontasunak eta iraupenak zuzeneko eragina dute enpleguan eta enpresa-sarean, eta horregatik, erantzun koordinatua eta jarraitua behar da epe ertainean, estrategia global batekin, Euskadiko ekonomia suspertzeko eta englegua lehenesteko.


2. Eraldaketa-palanka bat, 3 trantsizio globali aurre egiteko. Krisi honek agerian utzi du herrialde guztiei, sektore ekonomiko guztiei eta gizarte guztiei eragiten dieten hiru trantsizio handiri egin behar zaiela aurre: teknologiko-digitalari; energiko-klimatikoari; eta osasun- eta gizarte-esparrukoari. Krisiari erantzuteko aurkeztu nahi dugun estrategiak trantsizio hirukoitz horri aurre egiteko palanka gisa balio behar du, enplegurako eta hazkunde ekonomikorako aukera berriak sortuz. Helburua Euskadi digital, berde eta inklusiboa eraikitzea da


3. Herri-estrategia batean integratutako berreraikuntza ekonomiko eta sozialerako Konpromiso bat. Ekonomia Suspertzeko eta Enpleguaren aldeko Konpromisoa Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datorren herri-proiektu globalaren zati banaezina da. Proiektu global horren oinarria da, funtsean, enplegua ez ezik –gizarteratzeko elementu nagusia baita enplegua–, osasuna, hezkuntza eta gizarte-politikak ere defendatzea. Zutabe horiek osatzen dute euskal gizartearen ongizatearen funtsezko oinarria.


4. Next Generation EU Europako Berreskuratze Funtsarekin lerrokatutako Konpromisoa. Europan hazkunde jasangarria bultzatzea helburu duten inbertsioak eta erreformak babesten dituen funtsa, lurralde- eta gizarte-kohesioa indartuz eta enplegua sortuz.


5. Abiaburu sendoa duen Konpromisoa. Krisi berri honen aurrean eta dakartzan erronken aurrean, ez gara hutsetik abiatzen. Abiagune irmoa dugu, azken hamarkadetan eraikitzen aritu garen sendotasunei esker: Autogobernua eta Ekonomia Ituna; aurreko krisialdiak gainditzen lortutako esperientzia; ekonomia osasuntsua eta zorpetze-maila apalak; industria lehiakorra eta nazioartekotua; pertsona prestatuak; eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Sare indartsua; baita lankidetza publiko-pribatuko agertoki iraunkorra eta erakundeen egonkortasuna ere.


6. Bi jarduera-ardatz nagusi eta zeharkako eremu bat. Enplegua da gure lehentasuna. Krisialdian galdutako enplegu guztia berreskuratzea da helburu nagusia. Horretarako, bi jarduera-ardatz nagusi zehaztu dira: I – Ekonomia suspertzea, hainbat sektore ekonomikori zuzendutako suspertze-neurriekin, epe laburrean eta ertainean eragin positiboa izango baitute lanpostuei eusten eta berriak sortzen; eta II – Enplegua sortzea, enplegu berriak zuzenean sortzea bultzatuko duten neurriekin. Eta zeharkako eremu bat: Enpleguaren kalitatea hobetzea.


I. ardatza – Ekonomia suspertzea. Sei jarduera-eremuetan egituratzen da: 1) Inbertsioa azpiegitura publiko, ekonomiko eta sozialetan; 2) Ikerketa, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala; 3) Trantsizio Energetikoa eta Ingurumenekoa; 4) Industria eta ETEak, Zerbitzu Aurreratuak, Sormen Industriak eta Nazioartekotzea; 5) Elikagaien Industria. Tokiko ekonomia indartzea eta 6) Merkataritza, Ostalaritza eta Turismo eta Kultura Industria.

II. ardatza – Enplegua sortzea. Sei jarduera-eremuetan egituratzen da: 1) Ekintzailetza. Mikroenpresa txiki eta ertainei eta autonomoei laguntzea; 2) Enplegurako prestakuntza; 3) Laneratzea. Tokiko eta eskualdeko enplegu-planak; 4) Sektore publikoa berritzea. Lan-eskaintza publikoak, 5) Renove programak, Hiria eta eraikin publikoak birgaitzea; 6) Gazteen enplegua.

Zeharkako eremua: enpleguaren kalitatea hobetzea. Hobekuntza horrek Europako parametroetara hurbilduko gaitu, eta helburu hauek izango ditu: enpleguaren prekarietatea murriztea, emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakala murriztea, laneko prebentzioa eta segurtasuna areagotzea, ikuskaritza indartzea, lana eta familia bateragarri egitea sustatzea, eta euskal enpresen gizarte-elkarrizketa eta eredu inklusibo eta parte-hartzaile berri bat bultzatzea.

7. Finantzabideak. Krisiak diru-bilketaren beherakadan izan duen eragin negatiboaz jabetuta, enplegua sortzera eta susperraldi ekonomikora bideratutako programei eta jarduera-ardatzei erantzuteko behar diren neurriak antolatuko ditugu. Horretarako, ohiko diru-sarrera fiskalak eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak adostutako zorpetze beharrezko eta arduratsuaren maila konbinatuko ditugu. Horrez gain, Europako edo estatuko berreskuratze-funts guztietarako sarbidea kudeatuko dugu, hala nola Next Generation, aurreko programak eta jarduera-ardatzak zabaltzea edo indartzea ahalbidetuko digutenak.


8. Erakundeen arteko koordinazio-mahaia sortzea. Erakunde arteko lan-mahai bat eratuko da ekonomia suspertzeko eta enpleguaren aldeko konpromisoaren aurrerapenak partekatzeko eta erakundeek abian jarritako neurrien gauzatzea koordinatzeko.


9. Euskadiko toki-erakundeei irekitako Konpromisoa. Hau Herri Konpromiso bat da ekonomia suspertzeko eta enplegua berreskuratzeko. Beraz, beharrezkoa da EAEko toki-erakundeen lankidetza, Eudelen bitartez, ezarpen eraginkorra lortzeko. Euskal Udalen Elkartea Konpromisoarekin bat egitera eta erakunde arteko lan-mahaian parte hartzera gonbidatu nahi dugu.


10. Eragile ekonomiko eta sozialei irekitako Konpromisoa. Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek lan egingo dugu eragile ekonomiko eta sozialak Konpromiso honetara biltzeko. Horretarako, bideak ezarri edo indartuko ditugu, ezartze-prozesuan horien proposamenak eta balorazioak txertatzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria, Markel Olano