Berriak Segurtasuna

Segurtasun sailak larrialdien eta babes zibilaren arloko dominak emateko laugarren edizioaren prozedura hasi du

2020-10-08

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriak 08

  • Prozedurari EHAAn argitaratuko den Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekaren aginduarekin emango zaio hasiera
  • Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren mende dauden erakunde eta organismoek hilabeteko epea izango dute, agindua argitaratzen denetik zenbatzen hasita, egoki iritzitako 2020ko hautagaiak aurkezteko

Segurtasun Sailak larrialdien eta babes zibilaren arloko dominak edo plaka-diplomak emateko laugarren edizioaren prozedura hasi du, EHAAn argitaratu den lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekaren urriaren 8ko aginduaren bidez. Horrela, Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren zerbitzuen mende dauden erakunde, enpresa, entitate eta profesionalen edo boluntarioen organizazio guztiek sari horiek merezi dituzten 2020ko hautagaiak eta proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, aipatutako agindua argitaratzen denetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epean.

 

Segurtasun Sailak 2017an sortu zituen larrialdien eta babes zibilaren arloko ohorezko sari horiek, publikoki aitortzeko asmoz esku hartzeko zerbitzuetako langileen jarduketa aipagarriak eta herritarren inplikazioa eta laguntza, arrisku kolektibo larriko, hondamendiko eta lazeria publikoko egoera larrietan pertsonak eta haien ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko lanetan.

Sariak hiru kategoriatan banatzen dira: Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren domina, Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren plaka-diploma eta Euskadiko Babes Zibileko Boluntarioen lana aintzat hartzeko diploma.

Segurtasun Sailak Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sisteman sartuta dauden erakunde guztiei dei egiten die aurreikusitako epean aurkez ditzaten egoki jotzen dituzten hautagaiak.

2020ko edizioan saritutako pertsonen eta erakundeen identitatea 2020ko otsailean emango da argitara, 112ren Europako Eguna ospatzeko ekitaldian.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak