Javier Hurtado sailburua: “Baliabideak eta laguntzak bultzatuko dituen aliatu bat izango gara ostalaritzaren sektorearentzat”

2020-10-02

Javier Hurtado sailburua: “Baliabideak eta laguntzak bultzatuko dituen aliatu bat izango gara ostalaritzaren sektorearentzat”

Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkuran, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, ostalaritzaren sektoreak bizi duen egoeraz jabetuta, berretsi egin du inor atzean ez uzteko konpromisoa. “Badakigu egoera nolakoa den —esan du—, sektorearekin harremanetan gaude, eta elkarrekin egingo dugu bidea. Ziur egon ostalaritzari lotuta dauden pertsona guztientzat solaskide bat izango garela ni neu eta zuzentzen dudan Saila, egiten ari diren ahaleginarekin bat etorriko diren laguntzen eta baliabideen bultzatzaile bat”.
Lehentasuna pertsonek dutela azpimarratu ondoren (“haien osasuna bermatu nahi dugu eta pandemiak haien ekonomian eta enpleguetan dituen ondorioak arintzen lagunduko diegu”), Javier Hurtadok ostalaritzaren sektorera zuzendutako neurriak azaldu ditu Legebiltzarrean, krisi-garai hauetan denok elkarrekin jarduteko beharra adierazi du, eta, gaineratu duenez, “neurriek arrakasta izan dezaten, ezinbestekoa da sektorea kontuan hartzea eta sektoreari entzutea, eta horixe ari gara egiten”.
Enpleguari eusten laguntzeko 15 milioi euroko zuzkidura duen COVID-19 Laguntzen Ezohiko Programari dagokionez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 6.300 eskaera jaso dituela adierazi du. Gainera, gogora ekarri ditu sektoreko langile autonomoei zuzendutako partida eta aldundiekin eta udalekin lankidetzan landutako eta aste honetan aurkeztutako “deskontu-bonuen” programa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak