
Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du bihar, ostirala, itsasaldeko arriskuagatik nabigaziorako eta abisu horiak, kostaldeko inpaktuagatik, euri iraunkor eta handiagatik eta haizeagatik.
Udazkeneko lehen denboralea. Kantauri isurialdean izango du eragina batez ere
Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 24a.
Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du bihar, ostirala, irailak 25, itsasaldeko arriskuagatik nabigaziorako (lehenengo bi milietan) 06:00etatik 21:00etara bitartean, eta abisu horiak ezarri ditu kostaldeko inpaktuagatik, prezipitazio handiagatik, prezipitazio iraunkorragatik eta haizeagatik kostaldean.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, ipar-mendebaldeko haizeak eta aire hotzak udazkeneko lehen denboralea eragingo dute. Hala, tenperaturaren jaitsiera nabarmena izango da, udako tenperaturatik udazkeneko balioetara igaroko baita, eta maximoak 12-16 ºC artekoak izango dira.
Aipatutako alerta laranjaz gain, bihar, 06:00etatik 21:00etara bitartean, abisu horian egongo da EAE kostaldeko inpaktuagatik, olatuen altuera adierazgarria 5-6 metro ingurukoa izango delarik.
Era berean, Segurtasun Sailak abisu horiak aktibatu ditu kantauri isurialdean, bereziki Gipuzkoako ekialdean, prezipitazio handiagatik (00:00etatik 18:00etara, ordubetean 15 l/m² pilatu daitezke) eta prezipitazio iraunkorragatik (00:00etatik 24:00etara, 24 orduan 50-60 l/m² pilatu daitezke). Bi kasuetan, zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu, eta leku batzuetan handiak izan litezke.
Haizeari dagokionez, abisu horia 00:00etatik 21:00etara aktibatuko da kostaldean. Ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete kostaldean, eta EAEko gainerako haizeguneetan, berriz, 90-100 km/h-koa. Haizeguneak ez diren lekuetan, boladak 60-80 km/h-koak izan daitezke.
Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.
Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea edo "abisuak nahieran" zerbitzuan alta emanda.