Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Bordelen izan da foro ekonomiko batean Akitaniako presidentearekin batera

2011.eko ekainak 04

Patxi Lópezek eta Alain Roussetek Euskadi-Akitania Euroeskualdea osatzeko hitzarmenaren berri emango dute.

Urtero “Aquitaine Presse Service”-k foro ekonomiko bat antolatzen du, eta foro horretan Alain Rousset Frantziako eskualde horretako presidentearekin batera gonbidatu bat izaten da gaur egungo gairen baten inguruan eztabaidatzeko. Patxi López lehendakaria izango da foro horretako aurtengo gonbidatua, eta bertan eztabaidatuko duten gaia etorkizuneko Akitania/Euskadi Euroeskualdea izango da.

Eztabaidaren aurretik bi presidenteek bilera bat izango dute eta ondoren komunikabideen aurrean azalduko dira “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europar Taldea osatzeko hitzarmena aurkeztu eta aztertzeko. Hitzarmen hori Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen joan zen asteartean.

Lehendakariak esan duenez, Europa eraikitzea mugak ezabatzea da. Alde bien arteko jarrera horrekin sinatu da hitzarmena Frantziako gertuko eskualde horrekin, Euskadi eta Akitania arteko harremanetan sakontzeko, elkartrukerako eta proiektu komunetarako gune zabal bat sortuz. Bi eskualdeen arteko harremanei emandako bultzada irmo horren ernemuina 2009ko azaroan Bordelen izan zen goi-bileran eratu zen, euroeskualde berria sortzeko erabakia hartu zenean. Handik aurrera, bi eskualdeetako gobernuak elkarrekin lanean aritu dira europar talde berriaren hitzarmena eta estatutuak egiteko.

Sortu berria den Lurralde lankidetzarako europar taldeak mugaz bi aldeetako lankidetza erraztu eta sustatu behar du kohesio ekonomiko eta soziala indartzeko asmoz, Europar Batasunaren barruan eta lurralde erakunde nazionalak errespetatuz. Zehazki, Akitania-Euskadi euroeskualdea izena duen lurralde lankidetzarako europar taldearen jarduera mugaz bi aldeetako ekonomia, gizarte eta ingurumen ekintzen garapenean oinarrituko da lurralde garapen iraunkorraren estrategia bateratuen bidez.

Gainera, lurralde lankidetza ezartzea eta garatzea erraztu behar du, garraio eta komunikazio sareen finantzaketaren eta elkarrekin garatutako jardueren bitartez. Beraz, euroeskualde honekin lortu nahi dena da bi eskualdeen arteko komunikazioak hobetzea; ikerketa eta berrikuntza jarduerak osatzea eta indartzea; lurraldearen garapen iraunkorra sustatzeko proiektuak hastea; herritarren garapen osoa bermatzeko hezkuntza eta prestakuntza alorreko modu eta baliabideak bateratzea. Halaber, lurralde lankidetzarako europar taldetik nekazaritza, elikadura eta osasunarekin lotuta dauden gaien tratamendu bateratuari ekingo zaio; dinamika kulturala eta artistikoa bultzatuko da —bereziki, hizkuntza eta euskal kultura sustatuko dira—; eta baliabide turistikoen balorazio bateratu bat egingo da.

Prentsaurrekoaren ondoren, lehendakariak eta Alain Roussetek forora joandako partehartzaileen galderak erantzungo dituzte, partehartzaile horietako gehienak ekonomia eta enpresa mundutik etorritakoak dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)