Eusko Jaurlaritzak bat egin du mugaren bi aldeetako landa-esparrutan herritarren zahartzeari aurre egiten dion ‘Bertan’ ekimenarekin

2020-09-30
  • Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak aurreratu duenez, Jaurlaritza zahartze aktiboko estrategia berri bat lantzen ari da

Irurtzun, 2020/09/30

Eusko Jaurlaritza, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko beste hainbat erakunde eta entitaterekin batera, Bertan proiektuan ari da parte hartzen. Proiektu horren bidez, landa-esparrutan herritarren pixkanakako zahartzearen erronkak eta mugaz haraindiko gunean zerbitzu publikoak eskuratzeko dauden zailtasunak aztertzen dituzte. Ekimen horren bidez, gainera, parte hartzen duten lurraldeen artean ezagutzak eta esperientziak trukatzen dituzte. Hortaz, “elkarrengandik ikasteko aukera paregabea da”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak.

Hitzorduan, Amilibia sailburuordeak azpimarratu duenez Eusko Jaurlaritza jada lanean ari da zahartze aktiboko euskal estrategia berri bat onartzeko. Eta estrategia horrek bat egingo du zahartze aktiboko indize europarrarekin. Izan ere, Zahartze Aktiboko Euskal Estrategia 2015-2020ren inguruan oso balorazio positiboa egin du. “Oinarriak ipini ditugu adinekoen parte-hartzea eta gobernantza errazteko, Euskadin lagunkoitasuna sustatzeko, eta zahartzea bizitza osoan ematen den prozesu natural bat den eta horretarako bakarka eta taldean prestatu behar dugun ikuspegitik prebentzioa lantzeko”.

Nafarroarekin eta Iparralderekin elkarlanean jarduteak, haiek errealitate hau landa-esparruan nola lantzen duten eta zein mekanismo eta zerbitzu jartzen dituzten martxan ezagutzeko aukera emango die euskal erakundeei. Izan ere, Bertan ekimenak lan-ikuspegi komunitarioa eta sektore askoren artekoa proposatzen du, erronkak diagnostikatuz, eta soluzioak analizatuz eta proposatuz lau lan-ardatzetan:

  • Eskualde barruko eta eskualdeen arteko garraio egokitua, landa-esparrutako adinekoen erabateko parte-hartze soziala hobetzeko eta eurek zerbitzuak errazago eskuratzeko.
  • Bizitegi-soluzio komunitario egokituak, norberaren etxearen eta egoitzaren artekoak, landa-esparruetan adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko.
  • Zaintza komunitarioko formulak, zaintzailearen irudiaren eta familiari laguntzeko sistemen (ordezkapen-sistemak) hobekuntza barne hartuz.
  • Goiz hautemateko eta esku hartzeko sistemak, komunitatea mugiaraziz (parte-hartze aktiboaren bidez) eta gizarte-teknologiaren (GIS) ekarpena barne hartuz.

Bertan proiektua Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) ere finantzatzen du. Proiektuaren bidez baliabideen eta zerbitzuen eskaintza hobetzea proposatzen da, bertako biztanleak bizi-kalitate onarekin zahartzeko euren lurra utzi beharrik gabe. Horretarako, Bertan proiektuak zahartze aktiboa zeharkako eta sektore anitzeko ikuspegitik landuko du, adineko pertsonak, landa-eskualdeetako bizilagunak eta tokiko eragileak horretan nahastuz.

Premia espezifikoei buruzko lurralde-mailako azterketak egitea aurreikusi dute —horretarako eragile nagusiak nahastuz—, eta lau gaietan jada egongo diren soluzio berritzaileak analizatuko dituzte. Horretarako, gogoeta bateratua egiteko mugaz haraindiko talde teknikoak osatuko dira, POCTEFA lurraldearen barruan eta kanpoan bisitak egingo dira eta esperientziak trukatuko dira. Halaber, parte-hartzea sustatzeko gaikako hedapen-jardunaldiak egingo dira.

Hori guztia, zahartze aktiboari eta osasuntsuari buruzko erreferentziako Mugaz haraindiko Foro iraunkor bat sortuz antolatuko da. Hiru lurraldeetan fase pilotuan egongo diren lau zerbitzu berri abian jartzea lehenetsi eta babestuko dute taldeek.

"Mugaz haraindiko ikuspegiari esker, lurralde batzuen eta besteen artean esperimentazio-maila diferentea duten ezagutzak eta soluzioak trukatu ahal izango dira", azpimarratu du Amilibiak. Zerbitzu berriez gain, soluzio berritzaileen inbentario bat, gaikako lau gida eta zahartze aktiboko eta osasuntsuko atari bat egingo dituzte.

Sakanako Garapen Agentziak, Agintzari-k, CIASek eta Irurtzungo oinarrizko guneko gizarte-zerbitzuen mankomunitateak partekatzen dute proiektuaren gidaritza. Bertan, kide gisa honako hauek ere agertzen dira: Villabona, Orozko, Orduña eta Arbizuko Udalak, Zabalduz Koop Elk, Communauté d’Agglomération Pays Basque (CAPB), Autonom’Lab, SASOIAK, Syndicat des Mobilités Pays Basque-Adour (SMPBA), Nafarroako Gobernua —Errealitate Sozialaren Behatokiaren bitartez— eta Eusko Jaurlaritza.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak