Berriak Justizia eta Herri Administrazioa

Eusko Jaurlaritzak ez dauka Administrazio publikoan inolako soldata murrizketarik egiteko asmorik

2011.eko ekainak 02

Mahai Orokorraren akordioa hein handi batean bete dela egiaztatu du gobernuak

Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorraren gaurko bileran adierazi die sindikatuetako ordezkariei gobernuak ez duela pentsatu administrazio publikoan inolako soldata-murrizketarik egitea. Funtzio Publikoko sailburuordeak, Juan Carlos Ramosek, sindikatuei azaldu die gobernuak ez daukala asmorik euskal administrazioko funtzionarioen nahiz lan-kontratuko langileen soldata murriztea ekar lezakeen inolako neurririk onartzeko eta horretarako aurreikuspenik ere ez daukala.

Soldata-murrizketa mailakatuaren bidez (soldata-masaren % 5) eta bestelako neurri osagarriak aplikatuz (plazak kendu, ordezkapen eta zeregin-pilaketa gutxiago gauzatu, eta absentismoa murriztu), austeritate-planean ezarritako helburuak bete direla ere baieztatu du gobernuak.. Guztira 98 milioi eurotik gora aurreztu dira.

Bileran, gobernuak sindikatuen ordezkariei azaldu die hein handi batean bete dela Mahai Orokorraren erabakia, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko urtarrilaren 19an onartu zuena. Enpleguari lotutako neurrien artetik gobernuak honako hauek nabarmendu ditu: egiturazko enpleguaren finkapena, Osakidetzan, Hezkuntzan, Administrazio Orokorrean eta Justizian onartutako enplegurako eskaintza publikoetan (EPE) eskainitako 4.661 lanpostuak, eta zerbitzuak kanporatzearekin, baimenekin, edo laneko jazarpen nahiz jazarpen sexualaren aurkako borrokarekin zerikusia duten beste hainbat ekimen.

Sindikatuek ere sinatu zuten Mahai Orokorraren erabakian itundu ziren neurriak bete direla azaltzeaz gain, Funtzio Publikoko sailburuordeak azalpenak eman ditu sailak, kudeaketa optimizatzeko, oraintxe esku-artean dituen hainbat proiekturi buruz. Proiektu horien artean, telelanaren proiektu pilotua eta itzulpen-zerbitzuak administrazioan integratzeko ekimena dira aipagarrienak.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak iragarri du Euskal Enplegu Publikoaren Legea izango denaren aurreproiektuaren zirriborroa laster aurkezteko asmoa duela, inplikatutako sektore guztien artean eztabaidatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan