Eusko Jaurlaritzak Euskaraldiaren bigarren edizioarekin bat egin du eta euskaraz jarduteko ‘ariguneak’ sortuko ditu (Gobernu Bilera 29-09-2020)

2020.eko irailak 29
  • Eusko Jaurlaritzak modu aktiboan parte hartuko du eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko urrats berriak ematen lagunduko du
  • Jaurlaritzako sail bakoitzak sortuko ditu bere dinamikak eta langileen aktibazioa eta inplikazioa bilatuko du

 Gaurko Gobernu Kontseiluak onartu duenez, Eusko Jaurlaritzak Euskaraldiaren bigarren edizioarekin bat egingo du. Eusko Jaurlaritzak, ekimenaren sustatzailea izanik, hasiera-hasieratik bat egin du ekimen honekin eta interesgarritzat eta beharrezkotzat jotzen du oraingoan ere parte hartzea. Horrela, hizkuntza ohiturak aldatzeko urrats berriak eman eta langileen eta kideen parte-hartzea sustatzen eta babesten lagunduko du beste behin. Azaroaren 20tik abenduaren 04ra ospatuko den ariketa sozial honetan parte hartuko duten entitateetako bat izango da Eusko Jaurlaritza. Horretarako ariguneak, euskaraz lasai aritzeko guneak, sortuko ditu. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan.

Eusko Jaurlaritzak arigune izateko barnerako zein kalerako lana egingo du. Kanpora begira jendaurreko zerbitzuetan eta jendaurreko lanpostuetan Euskaraldiak irauten duen 15 egunetan ariguneen bereizgarriarekin identifikatu eta egun horietarako bereziki jarraibide batzuk jasoko dituzte. Kontutan izan behar da herritarraren hizkuntza hautua beti errespetatzen duten eremuak direla. Barnera begira, Eusko Jaurlaritzaren baitan dinamika propioa duten eta kide guztiek euskara ulertzen duten taldeak edo ‘ariguneak’ sortuko dira. Askotarikoak izan daitezke: administrazio atalak, ordezkaritzak, lantaldeak...

2020ko Euskaraldian Jaurlaritzako sail bakoitzak zein haiei egotzitako erakunde autonomoek, bere dinamika propioa sortu beharko dute. Eusko Jaurlaritzak Euskaraldian izena emateak honako hau dakar:

  1. Euskaraldiaren proposamena aztertzea eta prozesuan sartzeko erabakia hartzea.
  2. Arigune izan daitezkeen taldeak identifikatzea.
  3. Ariketa egitea adostea, ariguneetako kideekin.
  4. Sailek/erakunde autonomoek ariketan izena ematea.
  5. Hizkuntza-ohituren aldaketa eta ariketa gauzatzea posible izan daitezen neurriak hartzea: besteak beste, saio formatiboak eta informatiboak eskaintzea.
  6. Ariketa egitea, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra
  7. Ariketaren balorazioa egitea, aurrera begira jarrita.

2018ko edizioa

Duela bi urte, 2018an, egin zen Euskaraldiaren lehen edizioa “11 egun euskaraz” lemapean. Arrakastatsua izan zen eta aurreikuspenak gainditu zituen. Hamaika egunez euskararen eremu osoko 400 udalerrik, 200 sustatzaile orokorrek eta 225.000 ahobizi eta belarriprestek parte hartu zuten. Guztien arteko lankidetzari esker, ahalbidetu zen inertziak apurtzea, hizkuntza-ohituren inguruko hausnarketa bat eragitea, herritar askoren hizkuntza portaerak aldatzea eta, oro har, hiztunak aktibatzea.

Bigarren edizioa luzeagoa izango da, 15 egunekoa, eta aurreko edizioan bezala izena ematen dutenek bi rol izango dituzte aukeran:

  • Belarriprest: Beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.
  • Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ahobiziek. Beraien lehen hitza, beti, euskaraz izango da. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan