Berriak Hezkuntza

11,4 milioi euro udal musika ikastegien zein musika ikastegi pribatuen finantziaziorako (Gobernu Bilera 2020-09-29)

2020-09-29

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Euskadiko musika ikastegiak diruz laguntzea helburu duten bi agindu onartu ditu, udal ikastegiak zein pribatuak izan. Bi deialdi horiek jasotzen duten diru-kopurua 11.471.019,80 eurokoa da, orotara.

Batetik, 9.453.888,80 euroko kopurua daukan aginduak, udal titulartasuna duten musika ikastegiei zuzenduriko dirulaguntzak arautzen ditu. Ikastegi hauen artean aurkitzen dira: udal musika eskola (irakaskuntza ez arautuak eskaintzen dituzte); eta udal musika kontserbatorioak (irakaskuntza arautuak eskaintzen dituzte). Egun, ezaugarri hauetako 43 musika ikastegi daude Euskadin: 5 kontserbatorio (hauetako bik irakaskuntza arautuak zein ez arautuak ematen dituzte) eta 38 musika eskola.

Bestetik, gaur onartu den bigarren aginduak 2.017.131 euroko diru-kopurua du, eta EAEn kokaturiko musika ikastegi pribatuak diruz laguntzea du helburu. Ezaugarri hauetako 48 musika ikastegi daude egun Euskadin.

Kasu batean zein bestean, emango diren diru laguntzak 2019-2020 ikasturtean izan diren gastuak ordaintzeko izango dira. Diruz lagundu ahal izango dira ikastetxe horietako langileen kostuak (irakasle zein ez irakasleak), ekipamenduaren eta funtzionamenduaren kostuak, betiere musika-irakaskuntzarekin lotura zuzena badute.

Ikastegi hauek musika-prestakuntza praktikoa eskaintzen dute, baita musika-tresna tradizionalei dagokiena ere, eta bokazioa eta gaitasuna erakusten dituzten ikasleak ikasketa profesionaletan jarraitu ahal izateko prestatzen dituzte, eurek hala nahi izanez gero. Egiten duten lan handiaren erakusle, eskola eta kontserbatorio hauek dituzten datuak dira. Egun, 36.000 ikasle inguru ari dira Euskadin musika-prestakuntza jasotzen –arautua zein ez arautua-, gorago aipaturiko ia ehun ikastetxe horietan. Eta hauen prestakuntzaz, berriz, 1.500 irakasle baino gehiago arduratzen dira.

Gasteizko Jesus Guridi, Donostiako Francisco Escudero eta Bilboko Juan Crisostomo Arriaga musika kontserbatorioak ezin izango dira deialdi hauen onuradun izan, ikastegi hauek Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzena baitute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko