Berriak Hezkuntza

1,7 milioi euro kulturartekotasuna sustatzeko eta hizkuntza indartzeko programetarako (Gobernu Bilera 2020-09-29)

2020-09-29

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du kulturartekotasuna sustatzeko programak –ikasle etorkinei zuzenduak- eta ikasle sartu berrien hizkuntza errefortzuko programak gauzatzeko dirulaguntzak deitzen dituen Agindua. Sartu berri diren ikasleei zuzenduriko hizkuntza errefortzuko programak, Euskadiko hizkuntza ofizialak ez ezagutzearekin zerikusia duten zailtasunak dituzten ikasleei zuzenduak izango dira.

Deialdi honek 1.698.000 euroko diru-kopurua du, eta Lehen Hezkuntza edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzen duten Euskadiko itunpeko ikastetxeei dago zuzendua. Deialdi honen helburua da, 2020-2021 ikasturtean aipaturiko programa horiek martxan jartzeak eragiten dituen exekuzio nahiz pertsonal gastuak finantzatzea.

Kulturartekotasuna sustatzeko programak, besteak beste, ikastetxean, ikasgeletan edo erabiltzen diren material eta baliabideetan eskola-komunitatea osatzen duten kulturak presente egon daitezen arduratuko dira, protagonisten beren ekarpena bereziki baloratuz. Jarduera oro ikuspegi inklusibo batetik proposatuko da, hau da, ikastetxearen ekintza-plan baten barruan, ikasle eta irakasle guztientzat, beste eragile batzuek ere (familiek, gizarte-taldeek) parte har dezaten eta lagun dezaten, eta eskola-errendimendua eta -arrakasta hobetzeko helburu orokorrari lotuta.

Diru-laguntza hauek jaso nahi dituzten itunpeko ikastetxeek honako dokumentazio honekin aurkeztu beharko dute eskaera, hilabeteko epean:

-Hizkuntza indartzeko programatarako, ikastetxeak ezarri asmo duen hizkuntza indartzeko programaren deskribapena, honako hauek zehaztuz: programan arituko diren irakasle espezializatuak eta haien arduraldiaren ehunekoa, parte hartuko duen ikasle kopurua, eta programazio didaktikoa, burutuko diren jarduera didaktikoak eta ebaluazio irizpideak azalduz.

-Kulturartekotasuna sustatzeko programatarako, ikastetxeak ezarriko duen programaren deskribapena, honako hauek zehaztuz: programan arituko diren irakasle espezializatuak, ikasturterako proposatutako helburuak, jarduerak eta beren egutegia edo lorpenen adierazleak, besteak beste.

Joan zen 2019-2020 ikasturtean Hezkuntza Sailak itunpeko 124 ikastetxetan lagundu zuen diruz gisa honetako programak garatzen. Orotara, 2.100 ikasletik gora izan ziren programa horien onuradun.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko